Skip to main content

ASOCEX

2006/01 Barañaingo Udala (2004)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2006/01 Barañaingo Udala (2004) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Barañaingo Udalari buruzko fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Fiskalizaturiko ekitaldia 2004koa da eta bertan honako gai hauek aztertu dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta udalaren finantza-egoera.

Txostenak emaniko datuen arabera, Barañaingo Udalak eta haren erakunde autonomoek (Lagunak kiroldegia eta Luis Morondo Musika Eskola) 15,4 milioi euro gastatu zituzten eta 15 bildu. Txostenak Auditorio Barañain fundazioaren datuak ere biltzen ditu. Bertako auditorioa kudeatzen duen fundazioaren gastuak 993.000 eurokoak izan ziren, eta dirusarrerak, berriz, 853.000 euro.

Gastuetan handienak langileen ordainsariak eta ohiko gastu eta zerbitzuen erosketak dira (5,2 eta 3,7 milioi, hurrenez hurren). Inbertsioetan hiru milioi euro gastatu ziren fiskalizaturiko ekitaldian.

Dirusarrerei dagokienez, bilduriko 12,5 milioitik, 5,5 ohiko transferentzien bidez lortu ziren, 2,9 milioi zuzeneko zergen bidez eta 2,5 eskaturiko maileguei esker.

Txostenak dioenez, Udalak aurkezturiko aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu buruturiko ekonomia jarduera eta aurrekontu egoera.

Egoera balantzea ere finantza eta ondare egoeren isla da, nahiz eta salbuespen bat izan: ondasun zerrenda gaurkotu gabe dago, 1992koa baita.

Legezkotasunaren gaineko azterketa ere Udalaren aldekoa da, oro har indarrean dagoen legedia bete egiten duelako.

Azkenik, txostenak udalaren finantza egoera aztertzen du. Alde horretatik, aipatzekoa da Udalak 385.000 euroko defizita izan zuela urte amaieran. Gainera, orain arte epe luzerako zorrik ez bazuen ere, iaz 2,5 milioiko mailegua eskatu behar izan zuen aurreko urteetako inbertsioek sorturiko gastuei aurre egiteko.

Laburbilduz: Barañaingo Udalak ongi kudeatzen du aurrekontua. Finantza egoera, berriz, kezkatzekoa da Udala ez baita gauza gastuei baliabide propioen bidez aurre egiteko. Orain arte hirigintza zen Udalaren diru-iturri nagusia, baina iturri hori agorturik dago hirigintza plana amaitu delako.

Horren aurrean, Comptos Ganberak dio Udalak eman beharreko zerbitzuak eta egin beharreko inbertsioak ongi aztertu behar direla, lehentasunak eta finantzaketa bideak finkatuz.

Erakunde autonomoei dagokienez, Udalak estatutuak gaurkotu eta beren jarduera hobeki kontrolatu behar du.