Skip to main content

ASOCEX

2008/18 Tafallako Udala (2006)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2008/18 Tafallako Udala (2006) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Tafallako Udalaren 2006ko fiskalizazio txostena ezagutarazi du.

Txostenak honako gai hauek aztertu ditu: Udalaren aurrekontu betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna eta finantza egoera. Halaber, Comptos Ganberak aurreko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena egin du.

Txostenak emaniko datuen arabera, Tafallako Udalak 9,9 milioi euro gastatu zituen 2006an eta 11,1 bildu. Zenbateko horiek Udalaren datuak ez ezik, hiru erakunde autonomoenak ere biltzen ditu: Musika Eskola, Kultura eta Kirol Patronatuak.

Gastuetan nagusiak langileriarenak dira: 5,6 milioi. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan 2,4 milioi gastatu ziren eta finantza-pasiboen ondorioz 660.000 euro.

Dirusarrerei dagokienez, ohiko eta kapital transferentziei esker 6 milioi lortu ziren, zuzeneko zergei esker 2,6 milioi eta beste 1,2 milioi tasa eta prezio publikoekin.

Aurrekontu kitapena aztertuta, txostenak ontzat ematen du, 2006eko ekonomia jarduera ongi islatzen duelako, baina bi salbuespen aipatzen ditu: gaurkotu gabeko ondasun zerrenda eta udal langileen pentsioek sorturiko gastua, ez baita kontuan hartu. Legezkotasunaren gaineko azterketa ere udalaren aldekoa da, haren ekonomia jardueran indarrean dagoen legedia bete egiten duelako.

Ekitaldia amaituta, Udalak 400.000 euroko superabita izan zuen. Epe luzerako zorra 9,7 milioikoa zen, herriko kiroldegiarena ere kontuan hartuta.

Aurreko urtean ez bezala, ohiko diru sarrerak ez ziren izan gastu arruntei eta finantza zamari aurre egiteko, beraz Udalak aurrezki negatiboa izan zuen. Comptos Ganberak dioenez, finantza gastuak ez dira datozen urteotan gutxituko. Zergak legeak finkaturiko gehienezko zenbatekotan kobratzen direnez, ez dago batere garbi Udala pilaturiko zorraren gastuei aurre egiteko gai izanen ote den.

Laburbilduz: txostenak Tafallako udalaren ekonomia egoera larria dela azpimarratzen du. Izan ere, epe luzerako zorrari aurre egiteko gai izanen ote den ez dago batere garbi. Horren aurrean, Comptos Ganberak gastuetan zorrotz jokatzea eskatzen du, batez ere langilerian, gastu horiek nabarmen handitu direlako azken urteotan.