Skip to main content

ASOCEX

2005/17 Iruñerriko garraio publikoaren kontratazioa

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2005/17 Iruñerriko garraio publikoaren kontratazioa ()

Nafarroako Comptos Ganberak Iruñerriko garraio publikoaren kontratazioari buruzko txostena kaleratu du. Lana Nafarroako Ezker Batua talde parlamentariak eginiko eskariaren ondorioa da.

Txostenak gogoratzen duenez, 1999ko irailean Iruñerriko Mankomunitateak hiri garraioa batzeko erabakia hartu zuen. Ordura arte bi enpresak egiten zuten: COTUPek Iruñean eta La Montañesak Iruñerriko herrietan. Parlamentuak onarturiko Garraioari buruzko legeari jarraituz, Mankomunitateak enpresei batzeko aholkua eman zien, zerbitzua egiten jarraitu ahal izateko, baina ez zuten onartu. Horren ondorioz, Mankomunitateak lehiaketa itxia deitu zuen. Bi empresak aurkeztu ziren eta irabazlea La Montañesa izan zen.

2002ko abenduan La Montañesa Iruñerriko garraioaz arduratzen hasi zen, COTUPeko langileak enpresan onartu eta gero.

Iaz langileek lan baldintza hobeak eskatzeko huelga egin zuten eta lan uzteari amaiera emateko bitartekari baten epaia behar izan zuten. Urte berean enpresak akzio guztiak Corporación Española de Transportes taldeari saltzeko baimena eskatu zion Mankomunitateari. Azkenean eroslea ez zen aipaturikoa izan, CONNEX baizik. Aipatzekoa da CONNEx bestearen kapitalaren erdiaren jabea dela.

Mankomunitateak La Montañesarekin sinaturiko kontratuaren arabera, enpresak bidaiari kopuru zehatza garraiatzeko konpromisoa hartzen du eta Administrazioak enpresaren bidegarritasuna ziurtatzeko diru laguntza ematen du. Kontratuak badu arriskurik, enpresak ez badu bidaiari kopurua lortzen bere gain hartu beharko baititu diferentziaren gastuak.

Bestalde, lehiaketaren baldintzetan ez zen behar bezala finkatu gai garrantzitsua: enpresak zerbitzua eskaintzeko gai ote ziren. Hori zirtatzeko eskatu zitzaien bakarra bidaiariendako asegurua izan zen. Comptos Ganberaren aburuz, Mankomunitateak bazuen gutxieneko konpromiso batzuk eskatzea, eta horrela zerbitzua bere gain hartzen zuen enpresaren bidegarritasuna argiagoa izango zen. Kontuan hartzekoa da lehiaketa irabazi zuen La Montañesa enpresak zor handia zuela 2002ko amaieran.

Laburbilduz: Iruñerriko hiri garraioaren adjudikazio prozesua luzea bezain korapilotsua izan da. Gai asko epaitegietara eraman dituzte eta orain arte sententziak Mankomunitatearen aldekoak izan dira.

Comptos Ganberaren arabera, lehiaketa irabazi zuen enpresak arriskua handia onartu zuen, batez ere bidaiari kopuruari zegokionez. Enpresak, gainera, kapital txikia zuen eta zor maila handia. Horren ondorioz, enpresaren egoera oso larria zen eta, azkenean, akzio guztiak saltzea erabaki zuen.

Administrazio prozesua egokia izan da, lehiaketaren baldintzak bete direlako. Dena den, baldintza horiek ez ziren egokienak izan bi arlotan: enpresak zerbitzua emateko gai ote ziren aztertzeko sistema eta bidaiari kopuruaren balorazioa.