Skip to main content

ASOCEX

2008/03 Iberdrolaren akzioen erosketari buruzko txostena

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Iberdrolaren akzioen erosketari buruzko txostena ezagutarazi du. Txostena talde sozialistak eginiko eskariaren ondorioz egin da.

Txostenaren hasieran Comptos Ganberak gogoratzen duenez, Sodena enpresa publikoa da eta haren akzio gehienak Gobernuaren esku daude. Inbertsioak bultzatzea du helburu, eta horretarako enpresaren kapitalean sartzea erabaki dezake.

Txostenak dioenez, Sodenak Iberdrolaren akzioen %1 erosi zuen 2005eko otsailaren 10ean Gobernuaren aginduz. Eragiketaren baldintzak ere Gobernuak negoziaturikoak izan ziren. Erabakia arrazoitzeko ¿interes estrategikoa¿ aipatzen du Gobernuak.

173 milioiko kostua izan zuen eragiketa baliozkoa bada ere, honako oharpen hauek egiten ditu txostenak:

Comptos Ganberak dioenez, hau ez da Sodenak egin ohi dituen eragiketa bezalakoa, ez ohikoa da. Izan ere, Sodena inbertsioak bultzatzeko sortu zen. Horretarako, ¿arrisku-kapital¿ eragiketak bultzatzen ditu, enpresak sortuz edo aldi batez enpresaren akziodun bihurtuz.

Txostenak dioenez, Sodenako zuzendari nagusiak erosi zituen Iberdrolaren akzioak, 2005eko otsailaren 10ean. Sodenaren izenean konpromiso hartzean, zuzendariak ez zuen horretarako ahalmenik, Administrazio kontseiluaren baimenik ez zuelako.

Txostenaren arabera, akzioak erosi ahal izateko bi baimen behar ziren: Sodenaren Inbertsio Batzordearena eta Administrazio Kontseiluarena. Gainera, Nafarroako Gobernuaren oneritzia ere beharrezkoa zen, enpresaren araudiaren arabera.

Sodenaren Administrazio Kontseiluak 2005eko martxoaren 3an onartu zuen eragiketa, eta Gobernuaren baimena ere akzioak erosi ondorengoa izan zen: martxoaren 14koa, hain zuzen. Beraz, ondorengo baimenak baliozko bihurtzen du baimenik gabeko erosketa.

Txostenak emaniko datuen arabera, Sodenak 173,5 milioi ordaindu zituen Iberdrolaren akzioen %1 erosteko. Ordainketa 2005eko otsialaren 16an egin zen. Sodenako arduradunek ez dakite norenak ziren erositako akzioak.

Akzioak ordaintzeko diruari dagokionez, Sodenak Caja Navarraren kreditu-proposamena jaso zuen, enpresak horrelakorik ez zuela eskatu adierazi arren. Enpresak proposamena aztertu eta eragiketan beste banku batzuk ere parte hartzeko eskatu zuen. Azkenean, 120 milioiko kreditua lortu zuen, Euribor + %0,375 ordainduz. Bermetzat eragiketa berean erositako 7 milioi akzio aurkeztu zuen. Sodenako arduradunek diotenez, Caja Navarraren eskaintza onartzeko arrazoia zen Sodenaren beharrak inork baino hobeki betetzen zituela, eta segurtasunari garrantzi handiago eman zitzaiola kostuari baino.

Iberdrolaren akzien prezioak gora egin du azken hilabeteotan. Iazko abenduan 11,8 eurokoa zen, eta horrek erran nahi du Sodenaren akzioek 403 milioi balio zutela. Eragiketaren gastuak kenduta, gainbalioa 138 milioikoa izanen litzateke abenduaren hasierako prezioa kontuan hartuz.

Azkenik, Comptos Ganberak hiru gomendio eskaintzen ditu: batetik, Gobernuaren helburu nagusiak eta horren ondorioz hartzen diren erabakiak azterketa ekonomikoetan oinarritu behar direla; bestetik, Administrazioak burtsan egin ditzakeen inbertsioak arautu behar direla, Parlamentuari eman beharreko informazioa barne; eta enpresa publikoek prozedura eta legediak bete behar dituztela horrelako eragiketak egiterakoan.