Skip to main content

ASOCEX

2005/25 Nafarroako ospitale publikoetako zerbitzu orokorrei buruzko txostena (2004ko ekitaldia)

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak hospitale publikoetako zerbitzu orokorrei buruzko txostena ezagutarazi du.Txostenak honako zerbitzu hauek aztertu ditu: segurtasuna, arroparen garbiketa, hospitaleetako garbiketa eta elikadura. Azterketa Nafarroako bost hospitale publikoetan egin da: Iruñeko Bideko Ama eta Nafarroako Hospitalea, Elkanoko Ubarmin, Tuterako Reina Sofia eta Lizarrako Garcia Orcoyen.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Gobernuak aipaturiko zerbitzuotan 21,7 milioi euro gastatu zituen 2004ko ekitaldian, hospitale publikoen aurrekontuaren %7, hain zuzen.

Txostenak zerbitzuen kudeaketa sistema, legezkotasuna eta zerbitzu bakoitzaren kostua aztertzeaz gain, gaixo eta hospitaletako arduradunen iritzia jasotzea zuen helburu.

Txostenak dioenez, zerbitzuen kudeaketa anitza da. Tuterako Reina Sofia hospitalea da zerbitzu guztiak kanpoan kontratatzen dituen bakarra. Segurtasuna hospitale guztiek dute kontraturik, baina elikadura zerbitzua barneko bitartekoak erabiliz ematen da hospitale guztietan, Tuterakoan izan ezik.

Zenbat kasutan zerbitzuaren kudeaketa mistoa da, alegia, barneko bitartekoak erabiliz eta kanpoko enpresak kontratuz ematen da. Hala gertatzen da, esaterako, Ubarmingo arroparen garbiketarekin eta Nafarroako Hospitalean ere bertako garbiketarekin.

Comptos Ganberak dei bat egiten die Osasunbideako arduradunei Iruñeko bi hospitaleetako zerbitzu orokorren kudeaketa batzeko. Izan ere, Comptos Ganberaren iritziz kudeaketa batuz gero eraginkortasuna handiagoa litzateke eta prezioan ere baldintzak hobeak izan litezke.

Legezkotasunari dagokionez, aipaturiko zerbitzuen kudeaketa indarrean dagoen legedia betez egiten da. Badira, hala ere, betetzen ez diren arau batzuk. Horien artean bi aipa daitezke: legeak aurreikusi ez dituen kontratuen luzapenak eta pleguetan aurreikusita zeuden kontrol batzuk ez direla betetzen.

Barne kontrol sisteman ere bada hobetzekorik. Alde horretatik, Comptos Ganberak kostuen kontabilitate sistema eskatzen du, kudeaketarako zein kontrolerako ezinbesteko tresna baita. Gaur egun, hospitale bakoitzak beharren araberako kudeaketa sistemak ditu, baina ez dago informazio baturik, eta ezta kostuen gaineko informazioa ere.

Txostenak zerbitzu bakoitzaren kostuez ere informazio zehatza ematen du. Segurtasunean 748.000 euro gastatu ziren iaz. Gehien gastatu zutenak Iruñekoak izanagatik, zerbitzua garestiagoa da Lizarrako eta Tuterako hospitaletan.

Arroparen garbiketari dagokionez, preziorik garestiena Ubarmin Klinikakoa da (2,72 euro kiloko) eta merkeena Nafarroako Hospitalean lortu zuten (1,30 euro). Nafarroako hospitale guztietan 3,8 milioi euro gastatu zituzten iaz arroparen garbiketan.

Hospitaleetako garbiketan, bataz beste, 54 euro gastatzen da urtean metroko, baina Nafarroako Hospitalean eta Bideko Aman garestiagoa da: 72 eta 66 euro, hurrenez hurren. Preziorik merkeena Ubarminek lortu zuen: 25,6 euro.

Elikadurari dagokionez, eguneko bataz besteko prezioa 21,74 eurokoa da, baina badira alde handiak batzuen eta besteen prezioen artean. Tuterako Reina Sofian dute preziorik merkeena: 16 euro. Aipatzekoa da hospitale hau dela zerbitzua kanpoan kontratazen duen bakarra. Preziorik garestiena, berriz, Ubarmin Klinikarena da: 32 euro.

Datu hauek guztiak behar bezala aztertzeko gaixoen iritziari buruzko datuak beharko lirateke, baina azken urteotan Gobernuak ez du inkestarik egin, azkena 1999koa baita. Comptos Ganberak uste du inkestak behar-beharrezkoak direla, gaixoen iritzia ezagutzea kudeaketa hobetzeko oso baliogarria izan daitekeelako.

Zerbitzuetako arduradunak, oro har, pozik daude zerbitzuen kalitatearekin, baina Iruñeko hospitaleetako bi zerbitzutan aurkako iritziak daude: segurtasun eta garbiketa zerbitzuetan, hain zuzen.