Skip to main content

ASOCEX

2009/24 Osasunbideak Nafarroako Unibertsitatearekin sinaturiko hitzarmenari buruzko txostena

Argitalpen data

Comptos Ganberak Nafarroako Unibertsitate pribatuaren esku utzitako osasun-laguntzako kontratuari buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, Ezker Batuak aurkezturiko eskaeraren ondorioz.

Comptos Ganberak azterturiko kontratua Unibertsitateko langileen osasun-laguntzari dagokio. Nafarroako Unibertsitatea gizarte segurantzaren entitate laguntzailea zen 1982tik, eta horri esker bertako langileen osasun asistentzia Unibertsitateak berak egiten zuen. Orain dela hamar bat urte, Gizarte Segurantzak horrelako kontratuak desagertarazteko prozesuari ekin zion eta 2008ko maiatzetik Nafarroako Gobernuak hartu zuen bere gain langile horien osasun-asistentzia.

Nafarroako Gobernuak Unibertsitatearekin kontratua sinatzeko egin zuen espedienteak dioenez, Osasunbideak ezin zuen bereganatu langile horien osasun-laguntza eta, beraz, zerbitzua Unibertsitateak berak egiteko eskatzen zuen. Horretarako Gobernuak eta Unibertsitateak hitzarmena sinatu zuten. Kontratuaren helburua 7.800 lagunen osasun-asistentzia bermatzea zen, langile zein familiakoak. Kontratuaren epea, berriz, 2008ko maiatzetik 2011ko abendura arte. Gobernuak ordaindu beharrekoari dagokionez, onuradun bakoitzeko eta urteko 744 eurotan finkatu zen. Adjudikazio sistemari dagokionez, publizitaterik gabe egin zen, zerbitzua egin zezakeen bakarra Unibertsitatea zela argudiatuta.

Comptos Ganberak dioenez, Osasunbideak hitzarmenak sinatzen ahal ditu asistentzia espezializaturako, baina ez lehen mailako arretarako, Nafarroako Legeak ez baitu hori aurreikusi. Estatuaren legeak, berriz, onartu egiten du lehen mailako arreta ere publiko ez diren erakundeen esku uztea.

Txostenak emaniko datuen arabera, Nafarroako Gobernuak 3,3 milioi euro ordaindu zituen iaz Unibertsitate Pribatuak eginiko zerbitzu honengatik. Aurrera begira, Comptos Ganberak gogoeta eskatzen dio Osasunbideari orain arteko hitzarmenarekin segitzea merezi duen ala ez erabakitzeko, emaitzak eta kostua kontuan harturik.