Skip to main content

ASOCEX

2011/16 Nafarroako Zerga-Agenziako zerga bilketa (2009)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2011/16 Nafarroako Zerga-Agenziako zerga bilketa (2009) ()

Nafarroako Comptos Ganberak zerga-bilketari buruzko txosten bat egin du. Txostenak, besteak beste, zor eta zordunen kontrola, atzerapenak eta epez kanpoko zergen ordainketa nola kudeatzen den aztertu du. Hau dena, zuzeneko zergen eta zeharkakoen kobrantzaz arduratzen den Zerga-Agentziako zerga-bilketa zerbitzuaren ardura da. Txostenak emaniko datuak 2009ko ekitaldikoak dira.

Txostenak dioenez, 27 langile ari dira aipaturiko zerbitzuan. Gobernuko langileez gain, Gedesa enpresa publikoa ere zeregin horietan aritzen da, batez ere zorren jakinarazpenak eta egiaztapenak eginez, eta saldoak aztertuz..

Comptos Ganberaren aburuz, zerga-bilketaren kudeaketa egokia bada ere, zenbait kontu hobe litezke: helburu eta adierazleak finkatzea, sistema informatikoa hobetzea eta Administrazioko zerbitzuen arteko koordinazioa handiagotzea.

Nafarroako Gobernuak 2,2 milioi euro gastatu zituen zerga-bilketa kudeatzeko lanetan. Dirutzaren erdia Gedesa enpresak jaso zuen, Gobernuari eginiko lanen truke.

Nafarroako Gobernuak 2009an zergen bidez bildurikoa 3.041 milioi izan zen, aurreko urtean baino %4 gutxiago. Jaitsierak bi arrazoi izan zituen: batetik, ondarearen gaineko zerga desagertu zela eta, bestetik, errentaren gaineko zergaren zenbatekoa gutxitu zela (1.700 milioitik 1.574 milioira, hain zuzen). Zeharkako zergen bidez bildurikoak 1.400 milioi egin zuen, eta jokoaren gaineko tasek eta atzerapenengatik bildurikoak 33 milioi egin zuten.

Txostenak dioenez, zorra zatikatu edo atzeratzeko eskaerak %80 handitu ziren aurreko urteko datuekin alderatuz. Bilketa exekutiboan zegoen zorra 217 milioikoa zen, eta 18.000 zorduni zegokion. Hemen ere igoera nabarmena izan zen 2008ko datuekin konparatuz, %32 handitu baitzen.

Bilketa exekutiboan dauden zorren kudeaketa ere egokia da, Comptos Ganberaren txostenak dioenaren arabera.

Txostenak preskribatu diren zorren gaineko datuak ere eskaintzen ditu: 9 milioikoak ziren 2009ko amaieran. Txostenak dioenez, preskripzioa aurretik egin beharreko pausu guztiak egin eta gero onartu zen. “Gaur egun –dio txostenak- zorren preskripzioaren kudeaketa hobetzeko proiektua bat martxan dago. Horren bitartez, epe laburrean preskribitu beharreko zorren kontsulta eta kontrola hobetu eginen da”.