Skip to main content

ASOCEX

2009/28 Iruñerriko udalek pribatuekin sinaturiko hirigintza hitzarmenei buruzkoa (2005-2008)

Argitalpen data

Nafarroako Comptos Ganberak Iruñerriko udalek pribatuekin sinaturiko hirigintza hitzarmenei buruzko txostena kaleratu du.Helburua zen hitzarmen horien prozedura eta araudiak betetzen den aztertzea.

Comptos Ganberak emaniko datuen arabera, Iruñerriko udalek 114 hirigintza hitzarmen sinatu zituzten 2005-2008 epean. Horiei esker 32,5 milioi lortu zituzten. Dirutzatik zati nagusia irabazi asmorik gabeko erakundeen esku utzitako udal ondarearen lur sailen salmentari dagokio. Erakundeek, beren aldetik, etxebizitza babestuak egiteko konpromisoa hartu zuten. Derrigorrez utzi beharreko hirigintza aprobetxamenduen %10ak beste 4 milioiko dirutza eman zien Iruñerriko udalei.

Sinaturiko hitzarmen gehienak kudeaketa hitzarmenak dira, alegia, hirigintza planak azkartzeko eginikoak.

Legezkotasunari dagokionez, Comptos Ganberak hainbat arazo aipatzen ditu: Hitzarmenaren interes soziala ez da beti behar bezala azaltzen, nahiz eta derrigorrezkoa izan, hitzarmen gehienak horretan interesa duten partikularrek bultzatzen baitituzte.

Hitzarmenak dituen kostu eta etekinei buruzko azterketa ekonomikoak ere derrigorrezkoak izanagatik, askotan ez da horrelakorik egiten. Beraz, hitzarmenak finkatzen dituen baldintzak egokiak diren esaterik ez dago.

Bestalde, aprobetxamenduen kobrantzari dagokionez bi mota daude: dirutan edo lur sailetan. Legeak bigarrena lehenesten du, eta bigarrena erabiltzekotan ongi justifikatu behar dela dio. Azterturiko hitzarmen gehienetan, ordea, aprobetxamenduak dirutan kobratu dira.

Azkenik, hirigintza aprobetxamenduei buruzko txosten teknikoak ez daude behar bezala azaldurik, eta hitzarmena urbanizazio lanak ere emateko erabiltzen da. Txostenak dioenez, jokamolde hori konkurrentzia eta publizitatearen aurkakoa da.