Skip to main content

ASOCEX

2012/02 Berriozarko Udala (2010)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2012/02 Berriozarko Udala (2010) ()

Nafarroako Comptos Ganberak Berriozarko Udalaren fiskalizazio txostena kaleratu du. Bertan aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta finantza-egoera aztertzen dira. Datu guztiak 2010ekoak dira.

Txostenak dioenez, azterturiko ekitaldian udalak 9,2 milioi euro gastatu zituen eta 8,9 milioi bildu. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %31 gutxitu ziren, batez ere inbertsioek behera egin zutelako. Diru-sarrerak ere txikiagoak izan ziren, %8 hain zuzen, batez ere zergen bilketa eta transferentziak gutxitu zirelako.

Gastu nagusiak honakoak izan ziren: langileria (%39), inbertsioak (%31) eta beste ohiko gastuak (%29). Diru-sarreretan transferentziak eta zergen bidezkoak dira nagusiak, %53 eta %42, hurrenez hurren.

Aipatzekoa da udalaren funtzionamendu gastuak nabarmen igo direla azken urteotan: 2006an 4,9 milioikoak izan ziren eta hiru urte geroago sei milioi eta erdi. Nolanahi ere, 2010ean joaera aldatu egin zen, 6,2 milioira gutxitu baitziren.

Kontuen Ganberak dioenez, udalaren kontu orokorrak ongi islatzen ditu eginiko jarduera eta aurrekontu egoera. Egoera balantzeak ere ongi islatzen du finantza-egoera eta legezkotasunaren gaineko azterketa ere aldekoa da, Berriozarko Udalak indarrean dagoen legedia betetzen duelako.

Finantza-egoerari dagokionez, Udalak aurrezki positiboa izan zuen, diru-sarrerak arruntak funtzionamendu gastuak eta finantza-zama baino handiagoak izan baitziren. Urte amaierako zorra 1,4 milioikoa zen, zor-mugatik nahiko urrun.

Kontuen Ganberak dioenez, Udala kontuan hartzen ari da azken urteotan eginiko gomendioak.Azkenik, egungo krisia kontuan harturik, Kontuen Ganberak gastuak murrizten saiatzeko gomendio berresten du. Aldi berean, tasak zerbitzuaren kostura egokitu, inbertsioak lehenetsi eta diru-laguntzen sistema aztertzeko eskatzen dio.