Skip to main content

ASOCEX

2013/07 Unibertsitate arteko irakaskuntzaren gastua (2005-2011)

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak Unibertsitate arteko Irakaskuntzako gastuaren bilakaerari buruzko txostena kaleratu du. Kontuen Ganberaren fiskalizazio-programan zegoen jasota gaia. Ondoren, Nafarroa Bai taldeak ikastetxe pribatuekiko itunak aztertzeko eskatu zion. Horren ondorioz, Kontuen Ganberak bi txostena batu eta bakarra egitea erabaki zuen.

Txostenak dioenez, azken sei urteotan ikasleria 87.000tik 102.000ra handitu da. Beraz, igoera %17 izan da. Ikasleen %64k ikastetxe publikoetan ikasten du eta %36k pribatu itunduetan. Ikasleriaren gorakadarekin batera etorri da gelen kopuruarena ere: 4.354 ziren 2005ean eta 4.958 iaz.

Geletako bataz besteko ikasle kopuru orokorra 20 da. Ikastetxe publikoetan 19 eta itunduetan, berriz, 23.

Hizkuntza ereduei dagokienez, G ereduan (gaztelaniaz) %55 dago, D ereduan (euskaraz) %23 eta A ereduan (gaztelaniaz eta euskara asignatura gisa) %17. Azken zazpi urteotan, G eredua %9 igo da, D eredua %20 eta A ereduak %4 behera egin du.

Irakasleriari buruzko datuak ere ematen dira. Ikastetxe publikoetako irakasle kopurua %23 igo da. 6.270 irakasle ari ziren 2005ean eta iaz 7.715. Irakasle bakoitzeko 9 ikasle zeuden Lehen Hezkuntzan eta 8 Bigarren Hezkuntzan. Azken urteotan irakasleriak gora egin badu ere, joera nabarmen aldatu zen 2011n, Gobernuak ezarritako mozketen ondorioz.

565 milioiko gastua

Kontuen Ganberak irakaskuntzaren gastuaren bilakaera ere aztertu du: 2005ko gastua 425 milioi izan zen eta iazkoa, berriz, 565. 2001ko mozketek honetan ere eragina izan zuten, urte horretan gastua %4 gutxitu zelako. Gastu guztien %63 langileriarenak dira.

Ikasleko gastua 4.968 eurokoa zen 2005ean eta 5.688 eurokoa iaz. Gelako gastuari dagokionez, 100.000 eurotik 114.000 eurora igo da.

Aurrekontu gastuez ari garenez, kontuan hartzekoa da irakaskuntza publikoan inbertsioak, jantokiak eta garraioa ere sartzen direla. Txostenak gogoratzen du, bestalde, Administrazioa ikasle guztiak onartzera beharturik dagoela, eta biztanleria sakabanaturik duen herrialdea izanik, ikastetxe publikoek, askotan, ikasle kopuru oso txikia izaten dutela.

Barne produktu gordinari dagokionez, 3,1etik 3,5era igo da irakaskuntzan gastaturikoa.

Itunen inguruko azterketa ere egin da. 2005ean 87 milioi gastatu ziren eta 2011n, berriz, 120. Igoera, beraz, %38 izan zen. Itunek departamentuaren aurrekontuaren 19 hartzen dute.

Itunetan ordaindurikoan alde nabarmenak daude. Horrela, Haur Hezkuntzan 60.000 euro ordaintzen da. Hasierako Lanbide Heziketa berezia da garestiena: 157.000 euro. Txostenak dioenez, Nafarroako moduluak Estatuko handienetakoak dira.

Kontuen Ganberak gogoratzen du irakaskuntzaren emaitza ona dela Nafarroan, batez ere Estatuko bataz bestekoarekin alderatuz gero. Bestalde, Gobernuaren eskumenetik kanpo badago ere, irakaskuntza eredu hitzartu eta iraunkorraren garrantzia aipatzen da. Azkenik, kostuak ezagutzeko sistema martxan jartzeko gomendio egiten zaio Gobernuari, ziklo eta ikastetxeen emaitzak ezagutzeko.