Skip to main content

ASOCEX

2013/10 Audenasaren deskontuak (2003-2012)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2013/10 Audenasaren deskontuak (2003-2012) ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Audenasa enpresak eskaintzen dituen deskontuen gaineko txostena plazaratu du. Nafarroa Bai taldeak eskaturiko txostenak hiru kontu aztertzen ditu: aipaturiko deskontuen kostua, Nafarroako Gobernuak enpresatik jasotako etekinak eta deskontuen onuradunen jatorria.

Txostenak gogoratzen duenez, AP-15 autopista 1973an sorturiko Audenasa enpresa pribatuak egin zuen. 1984n, ordea, enpresa publiko bihurtu zen: %50 Nafarroako Gobernuak hartu zuen, eta beste erdia Empresa Nacional de Autopistas Estatuko enpresaren esku geratu zen. 2010etik Nafarroako enpresa publikoen taldeak kontrolatzen du Gobernuari dagokion zatia.

Nafarroako Gobernuak dirua ematen dio enpresari, erabiltzaileen eginiko deskontuen truke. Kamio guztiei kenketa egiten zaie oinarrizko prezioetan, eta autoen erabiltzaileek ere deskontua dute, beti ere txartela edo OBE´S izeneko gailua erabiliz gero. Gainera, joan-etorria 72 orduko epean egiten bada, txartela edo beste gailua duten gidariek ez dute buletako bidaia ordaintzen. Audenasak hilero kobratzen du deskontuengatik dagokion diru-laguntza.

Nafarroako Gobernuak 138 milioi ordaindu dizkio Audenasari azken hamar urteotan, deskontuek sorturiko galerak orekatzeko. Urteko ordainketa 11 eta 16 milioi bitartekoa izan da.

Gobernuak enpresatik jasotako etekinak, berriz, 96 milioikoak izan dira. Etekin handiena 2005ekoa izan zen: 13 milioi. Geroztik diru kopurua jaisten joan da iazko 6,6 milioiraino.

Txartel eta beste gailuen bilakaerari dagokionez, txartel kopuruak behera egin du nabarmen eta OBE´s-ek, berriz, gora. Biak kontuan harturik, azken bost urteotan %14 gutxitu dira. Gaur egun, 58.000 OBE´S gailu eta 10.000 txartel erabiltzen dira.

Deskontuen onuradunen jatorriari dagokionez, %70tik gora nafarrak dira eta bigarren postuan gipuzkoarrak daude.

Autopistaren trafikoaz ere datu batzuk eskaintzen dira. Aipatzekoa da 2007ra arte ibilgailu-kopuruak gora egin zuela etengabe, 15 milioiraino helduz. Geroztik, ordea, behera egin du krisiaren ondorioz. Iaz 11,5 milioi ibilgailuk erabili zuten Irurtzundik Ebrora doan autopista.