Skip to main content

ASOCEX

2011/28 Osasunbideak San Juan de Dios ospitalearekin sinaturik duen ituna

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Gobernuak San Juan de Dios ospitalearekin duen itunari buruzko txostena egin du. Sarreran gogoratzen denez, Kontuen Ganberak itunari buruzko beste txostena egina du. Bertan esandakoen artean honakoa zen azpimarragarrienetakoa: ituna egiteko beharra ez zegoela inon justifikaturik. Bestalde, kostuen gaineko azterketa eskatu zitzaion Osasunbideari. Helburua zen itunak finkaturiko prezioak eta Osasunbideak dituen kostuak ezagutzea, arrazoituriko erabakiak hartu ahal izateko.

Osasun kontseilariak azterketa horiek bazituztela adierazi zuen Parlamentuan 2010eko maiatzean. Osasun Batzordean esandakoaren arabera, San Juan de Dios ospitalearen esku utziriko zerbitzuak Osasunbideak hartu izan balitu, 2008ko gastua 7,4 milioitan handituko zen. Hurrengo urteko aurrezkia 8 milioikoa izan zela adierazi zuen.

Horren ondorioz, Nafarroa Bai taldeak eskaera bat egin zion Kontuen Ganberari, kontseilariak aurkezturiko azterketaz iritzia eman zezan.

Kontuen Ganberak dioenez, Osasunbideak kostuak zehazteko erabili duen metodologia desegokia izateaz gain, kalkuluetan akats asko dago. Horien artean, honakoak: ospitalera bidaliriko gaixoak 8.200 zirela esaten da, baina 2.600 izan ziren.

Beraz, Osasunbideak iragarri zuen aurrezkia ez da benetakoa. Osasunbideak kostuak finkatzeko erabili duen metodologia erabilita, behin akatsak zuzendu eta gero, ez da aurrezkirik ateratzen.

Aurrekoa ikusita, Kontuen Ganberaren konklusioa da Osasunbideak aurkeztu zuen azterketak ez duela balio ituna justifikatzeko. Txostenak dioenez, aurrezkia kalkulatzeko modu egokiena Osasunbidearen kostuak ezagutu eta ordaindutakoarekin alderatzea litzateke.

Kontuen Ganberak ez du zalantzan jartzen zenbait prozesu ituntzeko aukera egokia izan litekeela, operazio-gela edo ohe faltagatik, esaterako. Dena den, Osasunbideak aurkezturiko txostenak okerreko konklusioak ematen ditu ospitale publikoen kostuen gainean, eta ez du balio zenbait erabaki justifikatzeko.

Txostenak dioenez, Osasunbideak kostuen gaineko azterketa egin behar luke, itundutako prozesu bakoitzaren kostua ezagutzeko. Kontuen Ganberak horietako bat aztertu nahi izan du: fimosi-ebakuntza. Horren kostua 173 euro da Osasunbidean, eta 246 euro ordaintzen zaizkio ospitaleari. Medikuaren eta kontsultaren gastuak beti Osasunbideak bere gain hartzen dituela kontuan harturik, diferentzia handiagoa litzateke: 87 eurotik 246 eurora. Osasunbidearen azterketak 3.700 eurorainoko kostua egozten zion prozesuari. Azterketaren akatsen adibideetakoa besterik ez da.

Kontuen Ganberaren ustetan, Osasunbideak kostuak kontuan hartuko dituen kontabilitatea martxan jarri behar du, horrek irizpide egokia erraztuko baitu erabakiak hartzerakoan.