Skip to main content

ASOCEX

2013/17 Gobernuak enpresa publikoei emaniko enkarguak (2011)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Nafarroako enpresa publikoek gobernutik jasotzen dituzten enkarguei buruzko txostena argitaratu berri du. 2011ko mandatuak aztertzen dituen txostena Parlamentuak eskatu zuen, Nafarroa Bai taldearen ekimenaren ondorioz.

Txostenak dioenez, enpresa publikoek 206 enkargu jaso zituzten gobernutik. Lan horien kostua 53 milioi izan zen. Enkargu gehien jaso zituena Tracasa da (70 lan eta 15 milioi), Nasertic dago bigarren postuan (30 enkargu 13 milioiko kostuarekin), Gestión Ambiental de Navarra hirugarrenean (52 enkargu, 10 milioi) eta Instituto Navarro de Tecnologías e Infraestructuras Alimentarias laugarrenean (24 lan, 7,5 milioi).

Zenbait enpresa publikotan Gobernuaren enkarguak dira diru-iturri nagusia. Nasertic-i, esaterako, hortik datorkio diru-sarreren %90. Ganen ere handia da (%79) eta Tracasan %71 da.

Aipatzekoa da azken urteotan, aurrekontu-mozketen ondorioz, nabarmen jaitsi direla Gobernuak enpresa publikoei eginiko mandatuak.

Horrelako enkarguen arrazoia da Foru Administrazioak ez duela behar adina bitarteko zenbait lan egiteko eta, beraz, horretan ari diren enpresa publikoetara jotzen du. Dena den, Kontuen Ganberak azterturiko enkarguen erdietan ez da horrelakorik gertatzen, enpresa publikoa ere ez baita gai lan horiek egiteko eta, beraz, beste enpresa baten esku utzi behar du enkargua. Kasu honetan, lanen koordinazioaz arduratzen da enpresa publikoa.

Kontuen Ganberak dioenez, enpresa publikoek kanpoko enpresei utzitako lanen kontratazioa legezkoa izan da. Salbuespena Tracasa da, parte hartzen duen enpresa batekin eginiko kontratazioan ez baita legea bete.

Txostenak 2011n eginiko enkargu guztien zerrenda eskaintzen du, eta baita fiskalizaturikoen xehetasunak. Arlo honetako kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk ere aipatzen dira: Foru Administrazioak enkarguen beharra arrazoitu behar du, eta kostuen gaineko azterketak ere behar ditu, enpresa publikoen fakturazioa egokia dela frogatzeko. Azkenik, enkargua jaso duen enpresa publikoak lan gehienak beste baten esku uzten dituenetan, enkarguaren alde-onak argi azaldu behar direla dio Kontuen Ganberak.