Skip to main content

ASOCEX

2014/37 Nafarroako Enplegu Zerbitzuak

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2014/37 Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ()

Kontuen Ganberak Nafarroako Gobernuak sindikatu eta enpresarien elkarteei 2011tik 2013ra bitartean emaniko diru-laguntzak aztertu ditu.

Duela bi urte, antzeko azterketa egin zuen. Orduan, 2008-2012 epean emaniko diru-laguntzak aztertu ziren. Txostenak gomendio batzuk eman zituen diru-laguntzen gardentasuna hobetzeko. Horiek zenbateraino bete diren ere aztertu da.

Txostenaren eskaria Parlamentuak egin zuen, Partido Popularrak eskatuta.

2011-2013 epean, Nafarroako Gobernuak 54 milioi eman zizkien UGT, CCOO eta CEN-i, batez ere enplegua bultzatzeko. Sindikatuek 19na milioi jaso zuten, eta CEN enpresarien elkarteak 14 milioi. Badira beste pare bat milioiko laguntza ere aipaturikoek kobratu dutena, zeharka bada ere, bi fundazioren bitartez.

Diru-laguntza gehienak Enplegu Zerbitzuak ematen ditu. Bertan daude ordezkaturik Foru Administrazioko arduradunak eta aipaturiko sindikatu eta enpresarien elkarteko kideak. Zerbitzuak enplegua bultzatzea du helburu nagusi, langile eta langabetuen prestakuntza bultzatuz.

Azken hiru urteetan jasotako diru-laguntza jaitsi egin da aurreko hirurtekoarekin alderatuz: 63 milioitik 54ra, hain zuzen. UGTk ehuneko 12 gutxiago jaso du, CCOOk ehuneko 10 gutxiago eta CEN-ek ehuneko 23 gutxiago.

Diru-laguntzen helburu zehatzak era askotakoak badira ere, nagusia langile eta langabetuen prestakuntza da. Bestelakoak ere badira: berdintasun-planak,  berrikuntza bultatzeko egitasmoak, lanbide-orientazioa eta lan-merkatuari buruzko ikerketak.

Kontuen Ganberak dioenez, Enplegu Zerbitzua ikastaroen gaineko kontrola hobetzen ari da. Langileendako ikastaroei dagokienez, 185 ikuskapen egin ditu, eta ehuneko 8an irregulartasunak aurkitu ditu.

Duela bi urteko txostenean, Kontuen Ganberak ikastaroen eraginkortasuna aztertu beharra azpimarratu zuen. Alde horretatik, Enplegu Zerbitzua pauso batzuk egiten ari da, finantziazioaren zati bat horri lotzeko.

Orain gutxi arte, aipaturiko bi sindikatuek eta enpresariek elkarteak antolatzen zituzten langileendako ikastaro guztiak. Orain beste batzuei ere zabaldu zaizkie, nahiz eta portzentajea oso adierazgarria ez izan: gastuaren ehuneko 7an, hain zuzen.

Kontuen Ganberak kontrol sistemak hobetzen segitzeko eskatu dio Enplegu Zerbitzuari, batez ere langileendako ikastaroetan. Eta prezioei dagokienez, merkatuan daudenekin aztertu beharra aipatzen du.

Diruz lagundutako ikerketak ere aztertu ditu. Kontuen Ganberaren ustez, aztertu beharra da ea egokia den hori hitzarmen bidez arautzea. Izan ere, agian egokiagoa litzateke laguntza-kontratutzat hartzea. Hala eginez gero, esleipen sistema zabaldu beharko litzateke, bestelako entitateek ere lan horiek egiteko aukera izan dezaten.

Gobernuak sindikatuei emaniko beste laguntza bat ere aztertu du. Milioi bat eurokoa da, bi kontzepturengatik ematen dena: ordezkarien kopurua eta funtzionamendu-gastuak. Aurrekoak  ez bezala, nafar sindikatu guztien artean banatzen da diru-partida.