Skip to main content

ASOCEX

2013/18 Nafarroako ogasunaren iruzurraren aurkako plana (2008-2012)

Argitalpen data
Nafarroako Kontuen Ganberak iruzurraren aurkako plana fiskalizatu du. Lau urteko plana (2008-2012) Nafarroako Ogasun Agentziak egin zuen, zergen bidez bildurikoa handitu eta ekonomia beltza azaleratzeko asmoz.

Planak era askotako neurriak aurreikusiak zituen: informazio eta ikerketan, zergen kontrola, informazio sistemak, komunikazioa, hezkuntza... Elkarri loturiko neurriak izan arren, informazioa hobetzea da gako nagusia, hori baita diru-bilketa handitzeko modu eraginkorrena.

Kontuen Ganberak dioenez, aurreikusitako neurrien %77 bete dira. Borondatezko ordainketak areagotu eta zerga-arautegia garatzekoak dira gehien bete direnak. Gutxien bete direnak, aldiz, hezkuntzari lotuak dira, epe luzean eragin handikoak izan badaitezke ere.

Txostenak iruzurraren aurkako borrokak emaniko datuak ere aipatzen ditu. Azken lau urteotan 578 milioi lortu dira, bilketaren %5a, hain zuzen. Iazko datuei dagokienez, 161 milioi lortu ziren iruzurraren aurkako neurriei esker. Aipatzekoa da 250 zerga-ordaintzaileen aurkako 1.000 ekimenetik gora egin zirela, eta horrek 38 milioi eman zituela. Lau delitu ere antzeman ziren, eta hortik beste 30 milioi lortu ziren.

Kontuen Ganberak kenketa fiskalek eragindako galera ere aipatzen du. Iruzurraren aurkako borrokarekin zer ikusirik ez badu ere, horren eragina aztertzeko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.

Azkenik, iruzurraren aurkako borrokaren garrantzia azpimarratzen du. Izan ere, Kontuen Ganberaren aburuz zergak behar bezala ordaintzen dituzten biztanleenganako errespetuak borroka hori areagotzera behartzen du. Txostenak dioenez, biztanleek argi ikusi behar dute zerga-sistema bidezkoa dela, eta administrazioen kudeaketa egokia. Hala gertatuz gero, biztanleriak hobeki beteko ditu zerga-arloan bete beharrekoak.

Nafarroako Ogasunak alegazioetan dioenez, iruzurrari buruzko txostena egiten ari da. Kanpoko adituen esku utzitako azterketa horrek heldu den urteko martxoan ikusiko du argia.