Skip to main content

ASOCEX

Ignacio Cabeza: "Maskarak erostea hitzartu zuten hirurak dira horren erantzule"

Argitalpen data

Kontuen Ganberako lehendakari Ignacio Cabeza Parlamentuko Osasun Batzordearen aitzinean agertu da Sodenak, CEN-ek eta Albyn enpresak musukoak erosteko egin zuten hitzarmenari buruzko txostena azaltzeko. Agerraldia Navarra Suma taldeak eskatua zuen.

Navarra Sumako eledun Marta Alvarezek hiru galdera egin dizkio Cabezari: txostena egitea Kontuen Ganberak berak erabaki ote zuen, edo Gobernuaren eskariari erantzunez; Kontuen Ganberak nolabaiteko erantzukizunik atzeman ote duen; eta Osasun Departamentuak hitzarmenean izan duen parte hartzea.

Cabezak adierazi duenez, txostena egitea Kontuen Ganberak berak erabaki zuen. Erantzukizunik batere ez duela atzeman. Eta Osasun Departamentuak behin-betiko hitzarmenaren aurretik eginiko zirriborro guztietan parte hartu zuela; ez, ordea, behin-betikoan, atzera egin zuelako.

Hitzarmena ez ohikoa dela esan du, pandemia garaiko egoera bezalakoa. Dena den, akordioaren hutsak aipatu ditu. Horietako bat, enpresek ez zutela maskarak erosteko konpromiso argirik hartu. Txostenak aipatzen duen konklusio bat azpimarratu du: "Hitzarmena sinatu zuten hirurak dira erantzuleak; bai akordioak aurreikusitakoan eta baita kontuan hartu ez zituen kontuetan ere".

Kontuen Ganberako presidenteak hiru gomendio azpimarratu ditu: hiru sinatzaileen arteko akordioa egin behar dela; maskarak ahalik eta azkarren erabili behar direla, iraungitze data hurbil dagoelako; eta Sodenari zuzendutakoa: etorkizuneko ekimenetan funts publikoen erabilpen egokia hobeki bermatu behar duela.

Cabezak beste kontu bat ere argitu du: honez gero, maskarak ezin dira erabili osasun arloan.

Marta Alvarez txostenaren aurka agertu da, konklusio zein gomendioak “oso motz gelditzen direlako”. PSNko Ainhoa Unzu maskaren erosketan delitu zantzurik ez dagoela nabarmendu du. Mikel Asiain, Geroa Baiko eleduna, kontu-hartzailearen aurka agertu da, “harria bota eta eskua ezkutatu duelako”. Adolfo Araiz EH Bildukoa Kontuen Ganberaren gomendio bat kritikatu du. “Epaitegietara ez joateko gomendatzen duzue. Nik kontrakoa uste dut: diru publikoa defendatzeko epaitegietara jo behar dela”. Mikel Buil Podemos-Ahal dugukoak soluzio bat eskatu du. “Soluzioa behar dugu, beti ere diru publikoaren defentsa lehen planoan jarriz”.