Skip to main content

ASOCEX

Ignacio Cabeza: "Pandemiak ez du toki entitateen finantza egoera kaltetu"

Argitalpen data

Kontuen Ganberako lehendakaria Parlamentuko Lurralde Kohesioa Batzordearen aitzinean agertu da, 2020ko toki administrazioari buruzko txostena aurkezteko. Agerraldia Geroa Bai taldeak eskatu zuen.

Ignacio Cabezak, hasteko, udal entitateen berri eman du. “ 701 dira guztira: 272 udal, 346 kontzeju, 61 mankomunitate eta 22 udal elkarte”. Kontuen Ganberaren aspaldiko mezua errepikatu du: “Udal mapa ez da batere eraginkorra. Nafarroan toki entitate asko dago, txikiak gehienak. Horrela zaila da kalitatezko zerbitzuak eskaintzea”.

Cabezak gogoratu du Nafarroako Parlamentuak, 2019ko otsailean, toki administrazioaren erreformarako legea onartu zuela. Kontua da lege nagusia garatzeko behar diren erabaki eta arauetan ez dela aurrera egin. “Udalak finantzatzeko modua bai, hori aldatu da, Parlamentuak iaz onarturiko hiru foru legeren bitartez”.

Toki administrazioaren datu ekonomiko nagusiak ere aipatu ditu: 2020an Udal erakundeek 855 milioi bildu zituzten. Diru-sarreren erdia transferentziak dira, gehienak Nafarroako Gobernuak eginak. Gastuak 800 milioi dira. Horietatik, %81 funtzionamendu gastuak dira: langileria (%39) eta ondasun eta zerbitzu arrunten erosketa (%32). “Aurreko urteko datuekin alderatuz, diru-sarrerak %4 gutxitu ziren. Gastuen jaitsiera, berriz, %19 izan zen”, gaineratu du Cabezak.

Kontuen Ganberak lehendakariak nabarmendu duenez, Covid-19aren pandemiak ez du toki entitateen finantza egoera kaltetu. “Udal eta gainerako toki entitateen finantza egoera ona da”.

Geroa Baiko Pablo Azkonak Gobernuak pandemiari aurre egiteko eman zituen diru-laguntzak aipatu ditu. “Toki entitateek ongi aurre egin diote egoera guztiz ez-ohikoari. Toki administrazioaren erreformarako legea eta administrazio elektronikoa garatzeko beharra aipatu du.

Navarra Sumako Yolanda Ibañez, bere aldetik, toki administrazioaren erreformarako legearen aurka agertu da. “Gure ustez, hura ez da udal administrazioak behar zuen legea”. Amaitzeko, mezu argia bota du: “Hurrengo legegintzaldian lege hori bertan behera utzi eta beste bat onartuko dugu”.

PSNko Jorge Agirrek toki administrazioaren finantza egoera ona nabarmendu du. “Horren atzean, bi arrazoi daude: udal entitateetako arduradunen kudeaketa ona, eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak”. Azkenik, udal mapa aldatzeko legearen aurka mintzo da. “Onarturiko legea sekula ez du gure gustukoa izan; ez lehen, eta ez orain”.

Arantxa Izurdiaga EH Bilduko parlamentariak udal kontuen osasun ona azpimarratu du. Udalen finantza sistema berria ere aipatu du: “Pausu garrantzitsua izan da horretara bideratzen diren funtsak hobeki banatzeko”. Azkenik, udal mapa aldatzeko beharra nabarmendu du.

Talde guztietako ordezkariek udal entitateetako ordezkarien lana eskertu dute, 2020ko pandemiari aurre egiten eginiko ahaleginagatik.

Irudian, Ignacio Cabeza lehendakaria, txostenaren arduradun Jose Javier Garcia auditorea eta Jose Contreras idazkari nagusia.