Ignacio Cabeza, Kontuen Ganberako lehendakaria, Parlamentuaren aitzinean agertu da Nafarroako Gaztediaren Kontseiluaren kontuei buruzko txostena aurkezteko. Lanaren zailtasunak aipatu ditu, “kontabilitate faltagatik”. Horrexegatik, kontuei aurkako iritzia eman Kontuen Ganbera, ez baitute islatzen ez haren ondare egoera, ezta finantza egoera ere. Cabezak kontseiluaren izaera juridikoa bera eta kudeaketa, kontrola eta finantzazio sistema aldatzeko beharra aipatu du.
PPko Garcia Maloren ustez, kontseiluak “porrot egin du eta, horregatik, hutsetik abiatu behar da”. Angel Ansa, UPNko bozeramalea, kezkaturik agertu da kontseiluaren jardueraren jaitsieragatik eta haren etorkizunagatik. PSNko Kevin Lucerok kontseiluaren eredu juridikoaz hausnarketa eskatu eta bertako langile eta boluntarion lana txalotu du.
EH Bilduko Irati Jimenezek kontseiluaren garrantzia aipatu ondoren, “txostenak harriturik utzi gaitu” azpimarratu du. Geroa Baiko Maria Solanaren ustez, kontseilua alderdi politikoetako gaztedien interesen arabera antolatu da, “diru publikoarekin finantzatua”. Ahal-Duguko bozeramalea eta Kontseiluko presidente ohi Miguel Garridoren esanetan, “kontseilua zuloan dagoenez, zerbait egin behar dugu berpizteko”. Kontabilitaterik ez zegoela onartu ondoren, finantza kontrola bazegoela adierazi du. Azkenik, Voxeko Emilio Jimenezek “administrazioaren utzikeria”ri egotzi dio kontseiluaren egoera. Kontseilua Gaztediaren Institutuan integratzearen alde agertu da.