Gaur eguerdian, Kontuen Ganberaren Foru Legearen 40. urteurreneko ekitaldia ospatu da Nafarroako Parlamentuan. Parlamentuko presidente Unai Hualdek eta Kontuen Ganberako presidente Ignacio Cabezak hitz egin dute. Biek ala biek mezu argia utzi dute: funtsezkoa dela Kontuen Ganberak diru publikoaren gainean egiten duen kontrola.
Unai Hualdek azpimarratu du erakundeak lan tekniko zorrotza egiten duela, eta kontrol lanak erakundeen funtzionamendua hobetzeko balio duela.
Ignacio Cabezak gogoratu duenez, Kontuen Ganbera aitzindaria izan zen herri-lanak eta hirigintza fiskalizatzen. Amaieran, Kontuen Ganberako profesionalei zuzendu zaie mezu bat nabarmentzeko: "Ardura eta garrantzi handiko lana dutela, eta horren jakitun izan behar dutela, lana ahalik eta txukunen egiteko".
Ekitaldian, komunikazio arduradunak azken 40 urteotako irudi sorta bat erakutsi du.