Kontuen Ganberako lehendakari Ignacio Cabeza Parlamentuaren Mahai eta Eledunen Batzordearen aitzinean agertu da gaur goizean, heldu den urteko lan-programaren berri emateko.
Urtero bezala, Foru Administrazioaren kontu orokorrei buruzko txostena eginen du, 2025eko ekitaldi amaierako finantza egoera ezagutzera emateko. Horrez gain, Gobernuaren informazio-teknologien kudeaketa aztertuko du. Eskola garraioaz ere txosten bat eginen du, eta hidrokarburoen zergaren kudeaketa. Aipatzekoa da, lehen aldiz, Kontuen Ganberak Nafarroako pobrezia aztergai hartuko duela, haren egoera eta azken urteotako bilakaeraren berri emateko.
CNAI sozietate publikoaren kudeaketa ere aztertuko du. Eta foru Administrazioaren esparruan bada aipatu beharreko beste txosten bat: mugen gaineko kooperazioa larrialdi egoeretan. Txostena berezia izanen da, beste lurralde batzuetako kontu erakundeekin koordinazioan eginen delako: Euskal Autonomia Erkidegoa, Aragoi, Katalunia, Akitania eta Okzitaniako kontu epaitegiekin, hain zuzen.
Parlamentuaren eta Arartekoaren kontuak ere aztertuko ditu.
Udal administrazioan, berriz, Iruñeko Udalaren, Zizur Txikiko Kontzejuaren eta Jurramendiko Mankomunitatearen kudeaketa aztertuko du.
3.000 eta 5.000 arteko biztanleria duten udalen kontratazioaz ere txosten bat eginen du. 10.000 biztanletik gorako udalen informazio-teknologien kudeaketa ere ikuskatuko du. Eta, azkenik, udalerrietan etxerik gabekoak nola artatzen diren ikusteko beste txosten bat eginen du.
