Ignacio Cabeza, Kontuen Ganberako lehendakaria, gaur goizean agertu da Ekonomia eta Ogasun Batzordean, 2022ko Nafarroako kontu orokorrei buruzko txostena azaltzeko.
Kontuen Ganberako lehendakariak hitzaldiari ekin dio finantza-iritzia positiboa dela nabarmenduz, nahiz eta salbuespenaren bat egon. “Montepioak sortutako betebehar aktuarialak erregistratzen ez diren arren, Foru Administrazioak zintzo islatzen ditu bere ondarearen irudia, egoera finantzarioa eta emaitza ekonomiko-aurrekontukoak”.
Legezkotasunari buruzko iritzia ere positiboa da, salbuespen batekin: 154 milioi euroko gastua dago indarraldia amaituta edo euskarririk gabe duten kontratuetan, gehienak Osasun Sailean.
Ondoren, Cabezak azaldu du 2022an nabarmen hazi zirela gastuak (%11) eta diru-sarrerak (%17). Foru Administrazioak, zehazki, 5.600 milioi gastatu zituen eta 5.900 milioi irabazi.
Oro har, adierazle ekonomikoek bilakaera ona izan dutela adierazi du, hiru datu nabarmenduz: aurrekontu emaitza positiboa (295 milioi), gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina (114 milioi) eta diruzaintzako saldoa (722 milioi).
Horrez gain, Next Generation funtsen diru-sarrera eta gastuen gauzatzeari buruzko datuak azpimarratu ditu. 2022ko abenduaren 31ra arte, Foru Administrazioak 372 milioi sartu zituen eta horietatik 64 gastatu zituen.
Zorrari dagokionez, 2.868 milioikoa da, ez da aldatu aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
Azkenik, Kontuen Ganberako lehendakariak langileen egoera aztertu du. 2022aren amaieran, Foru Administrazioak 32.000 profesional zituen, eta horietatik %51 aldi baterako kontratatuak ziren. “2022tik aurrera, behin-behinekotasun indizea %3 murriztu da”.
Ignacio Cabezak txostena azaldu ondoren, parlamentu-taldeetako bozeramaleen txanda izan da. UPNko Maria Jesus Valdemorosen iritziz, “txostenak datu hotzak ematen ditu, eta hortik ezin da ondorioztatu kudeaketa ona izan denik”. Are gehiago, 2022ko kudeaketa “txarra” dela esan du. “Next Generation funtsen betetze-maila oso apala izan da, eta zor-amortizaziorik ez da egin”. Nafarroako Inbertsio Institutuaren eta Sodenaren arteko bikoiztasuna ere aipatu du.
Ainhoa Unzu sozialistak bestelako iritzia eman du. “Txostenak argi dio Foru Administrazioaren finantza egoera ona dela, eta ekonomia-adierazleen bilakaera ere”. Hitzarmen ekonomikoaren aldaketa onuragarria izan dela aipatu ondoren, datozen urteotarako konprometiturik dauden gastuak 4.000 milioikoa direla esan du. Itzalpeko bide-sarien formula “oso txarra” dela azpimarratu du, eta zerga-onurak aztertzeko beharra dagoela esan du, “zergak jaisteko modua ez ote den ikusteko”.
EH Bilduko Adolfo Araizek Foru Administrazioaren finantza-egoeraren bilakaera ona aipatu du. “2019tik ona da bilakaera, eta horren atzean dago 2015eko erreforma fiskala eta ondorengoak”. Zerga-onurez ere mintzatu da: “Aurreikusi baino handiagoak dira eta, gainera, ez dakigu justifikatzen dituzten helburuak betetzen diren ala ez”.
Geroa Baiko Mikel Asiainek ere Araizen bidetik jo du. “Foru Administrazioaren finantza-egoerak ez du zer ikusirik eskuinak iragarritakoarekin. Gu edo kaosa zen eskuinaren diskurtsoa. Ba ez, ez da horrelakorik gertatu, kontrakoa baizik”. Azken berrogei urtean errepikatzen diren gomendioak martxan jartzeko ahalegina eskatu dio Gobernuari, “heldu den urtean errepikatu ez daitezen”.
Irene Royo (PP) zerga-bilketan lorturiko diru-sarreren igoera aipatu du. “Gero eta zerga gehiago kobratzen dira, baina zerbitzu publikoen kalitatea ez da hobetzen”. Europako diru-funtsen betetze maila apala ere kritikatu du.
Zurekin taldeko Miguel Garridok Foru Ogasunaren finantza egoera ona azpimarratu du, “eskuinak onartu nahi ez badu ere”. Epea amaitua duten kontratuen kudeaketa hobetu beharra eta zerga-onurez hausnarketa eskatu du, “zerga-beherapen kamuflatuak ez ote diren ikusteko”.
Maite Nosti Voxeko bozeramaileak datuen hobekuntza diru-sarreren igoerak ekarri duela esan du. “Biztanleria zergekin itotzen duten bitartean, zerbitzu publikoek txarrera egiten dute”. Diru-sarreren igoerak zorraren jaitsiera ekarri ez izana ere salatu du.