Skip to main content

ASOCEX

2000/14 Barañaingo Udala (1999)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2000/14 Barañaingo Udala (1999) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Barañaingo Udalaren fiskalizatze-txostena argitaratu du. Lanak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu-betetzea, ondare egoeraren isla, legezkotasuna, finantza-egoera eta azken txostenetan emaniko gomendioak zenbateraino bete diren.

Barañaingo Udalerriak 21.178 biztanle ditu. Biztanleriari dagokionez, Nafarroako hirugarren udala dugu. Udalaz gain, bi erakunde autonomo ditu: Lagunak Kirol Elkartea eta Luis Morondo Musika Eskola. Iazko abenduaren amaieran 155 udal langile zituen.

Kontuen Ganbararen txostenak emaniko datuen arabera, Barañaingo Udalak 1.245 milioi gastatu zituen iaz. Dirutza horretatik ehuneko 82 funtzionamendu gastuak dira, ehuneko 14 inbertsioak eta ehuneko 4 finantza-zamari aurre egiteko erabili zen. Funtzionamendu gastuetan garrantzitsuenak langileriaren soldatak dira, gastuen ehuneko 47. Zinegotzi eta langileen soldatez gain funtzionarioen montepiok sorturiko langileria- gastuak ere kontuan hartzekoak dira. Izan ere, iaz 124 milioiko kostua izan zuen.

Dirusarrerei dagokienez, iaz 1.390 milioikoak izan ziren. Dirusarrera nagusia Nafarroako Gobernuaren transferentziak dira (ehuneko 67). Udal zergen bidez dirusarreren ehuneko 37 lortu zuen.

Txostenak dioenez, aurrekontuaren kitapenak ongi islatzen ditu urteko gastu eta dirusarrerak. Ondare-balantzeak ere egoki islatzen du Udalaren ondare-egoera, baina horretan bada salbuespen bat: udal ondasun zerrenda gaurkotu gabe dagoela.

Kontuen Ganbarak legezkotasuna ere aztertu du. Azterketaren ondorioa hauxe da: Udalak jarduera ekonomikoan indarrean dagoen legedia bete egiten du, baina kontratazioan badira arau-hauste batzuk. Egoera konpontzeko Kontuen Ganbarak kontratazio-espedienteak hobeki egitea eta lan-esleipenetan parte hartzeko aukera zabaltzea eskatzen du.

Finantza-egoera

Kontuen Ganbarak dioenez, Barañaingo Udalaren finantza-egoera gaur egun ez da kezkatzeko modukoa. Izan ere, diruzaintzako gerakina 871 milioikoa da eta epe luzerako zorra 114 milioikoa. Dena den, etorkizunean Udalaren bidegarritasuna arriskuan egon daitekeela ohartarazi du txostenak. Horren arrazoia oso argia da: azken urteetan, hirigintzako baimen eta tasak udalaren dirusarrera nagusia izan dira. Hemendik aurrera, ordea, Barañainen oso etxe berri gutxi eginen da eta ez dirudi eragin ekonomikoa izan dezaketen beste zerbitzu edo jarduerak baimenduko direnik. Horretaz gain, aipatzekoa da Barañainek Diputazioaren diru-laguntzekiko menpekotasun handia duela, dirusarreren ehuneko 61 hortik jasotzen duelako.

Horren aitzinean, Kontuen Ganbararen ustez Barañaingo Udalak ikerketa sakona egin behar luke honako gai hauek argitzeko: zerga-bidez dirusarrerak handitzeko aukera, zerbitzu publikoen gaur egungo tasa eta prezioak, batez ere derrigorrezkoak ez direnenak; eta, azkenik, plan ekonomiko argia, zerbitzuen eskaera eta egin beharreko inbertsioak finkatzeko, horien artean zeintzuk diren premiazkoenak ere argituz.

Neurri horien bidez Gobernuarekiko menpekotasuna gutxitu liteke eta Udalaren autonomia handituko litzateke. Azken helburua, beti ere, Udalaren bidegarritasuna ziurtatzea da.

Txostenak Udalaren bi erakunde autonomoen egoera ere aztertu du. Bietan kontu-sistema hobetu azpimarratzen da.

Azkenik, txostenak Arte Eszenikoen Zentroaren egoera aipatzen du. Orain dela urte batzuk, obrak amaitu baino lehen proiektua bertan behera gelditu zen eta berriki egin gabe zeuden obren adjukazioa egin da 327 milioitan. Kontuen Ganbarak dioenez, ez dago zentroaren erabilpenari buruzko azterketarik eta kudeaketa mota eta zentroak sortuko duen gastua finantzatzeko modua ere zehaztu gabe daude.