Skip to main content

2025/20 Nafarroako Unibertsitate Publikoaren urteko kontuak (2024)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak NUPren finantza egoera ona azpimarratu du

Kontuen Ganberak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) iazko kontuak ikuskatu ditu. Lehen aldiz, informazio-teknologiei buruzko azterketa ere egin du.

Txostenak dioenez, NUPk iaz 134 milioi gastatu eta 139 bildu zituen. Gastu nagusia langileria da, 87 milioirekin (gastu guztien %65).

NUPk 1.354 irakasle-ikerlari ditu: 512 funtzionarioak dira, gainerakoak kontratatuak. Administrazio eta zerbitzuetan, berriz, 560 lanpostu daude, gehientsuenak funtzionarioak: 543.

Osasun Zientzien eraikin berria

Inbertsioak dira bigarren gastu nagusia, 26 milioirekin. Aipatzekoa da, alde horretatik, Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berria. Hogeita hamar milioitik gorako inbertsioa da, urte batzuetan egina. Iaz egin zen gastu nagusia: 16 milioi. Eraikinaren obra-lanak amaitzear daude. Datozen hilabeteotan, ekipamenduaren inbertsioa eginen da.

Kontuen Ganberak obraren ikuskapena egin ondotik, aldeko iritzia eman du. “Kontratuaren betetzearen jarraipen egokia egin da, eta esleipedunaren eskaintza bete egin dela frogatu da”.

87 milioi Nafarroako Gobernutik

Diru-sarrerei dagokienez, transferentzien bidez 102 milioi bildu ziren, %90 Nafarroako Gobernuak emana. Kapital transferentziekin 19 milioi lortu ziren. Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berriak transferentzia mota hori nabarmen igoarazi du.

Matrikula eta bestelako tasekin 18 milioi bildu ziren.

Txostenak Unibertsitatearen eta Gobernuaren arteko finantzazio-hitzarmena ere aztertu du. Hiru zutabe ditu: oinarrizko finantzazioa, lorturiko helburuengatik emanikoa eta inbertsioetara bideratutakoa. 2020tik, Gobernuaren diru-ekarpena %26 handitu da: 69 milioitik 87ra.

Kontuen Ganberak NUPren finantza-egoera ona dela azpimarratzen du. Horren isla dira hurrengo datuok: 13 milioiko aurrezki garbia, 10 milioiko diruzaintzako gerakina eta epe luzeko zorrik eza.

Kontuak aztertuta, txostenak aldeko iritzia eman du, ondasun eta finantza egoera ongi islatzen dutelako. Legezkotasunaz ere, aldekoa da iritzia, NUPren finantza kudeaketa legearen araberakoa baita.

Informazio teknologien kudeaketa ere egokia da, NUPk behar dituen beharretara egokitua. Antolaketa eta errekurtsoak ere ontzat hartzen ditu.

Txostenak NUPren kudeaketa hobetzen segitzeko gomendio batzuk eman ditu, horien artean 2010eko kontabilitate plana aplikatu eta kontabilitate analitikoaren sistema burutzea.

Azkenik, NUPko era askotako datuak ematen ditu: langileriaz, ikasleriaz, graduez, ikerketaz…

Hona hemen horietako batzuk: NUPk 2.048 langile ditu, 10.000 ikasle, 27 gradu, 33 master eta 36 titulu propio. Ikerketari dagokionez, sei zentro-institutu ditu, 23 katedra eta 111 ikerketa talde (1.236 ikerlari guztira).