Skip to main content

2025/19 Erriberako Mankomunitateko udalerrien bide-garbiketako kontratuaren kontrola eta gainbegiratzea, 2023-2024

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Erriberako hemezortzi udalerritako hiri-garbiketari buruzko txostena argitara eman du. Kontratua Erriberako Mankomunitateak esleitu zuen. Kontratuaren iazko kostua 2,8 milioi izan zen.

Txostena Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordearen eskaera jaso ondotik egin da. Batzordeak, PSNk eskatuta, Kontuen Ganberari eskatu zion Erriberako Mankomunitatea osatzen duten hemezortzi udalerrietatik (guztiak, Corella izan ezik) hemezortzitan kaleak garbitzeko zerbitzu publikoaren kontratua fiskalizatzeko.

Erriberako Mankomunitateak hemeretzi udalerri biltzen ditu, 94.000 biztanle guztira. Serinsa sozietate publikoaren bidez, lau zerbitzu ematen ditu: hondakinen bilketa eta kudeaketa; karriketako garbiketa; animaliak biltzeko zentroa; eta festetako materialen kudeaketa.

Bide-garbiketako kontratua 2020ko abenduan esleitu zen. Lau lizitatzaile aurkeztu eta horietatik hiru baztertu egin zituzten. Esleipenari erreklamazio eta errekurtso judizialak jarri zitzaizkion. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, 2022ko irailean, epai irmoaren bidez ebatzi zituen.

Kontratua 29,7 milioitan esleitu zen, hamar urterako. Iaz, Mankomunitateak 2,8 milioi ordaindu zizkion zerbitzua ematen zuen enpresari.

Txostenaren helburua da Mankomunitateko udalerrietako bide-garbiketaren kontratuaren betetze eta kontrolari buruzko iritzia ematea. Kontratuaren aldaketak eta kontabilizaturiko gastua ere aztertu dira.

Aldaketei dagokienez, hiru dira: Ablitas ere zerbitzura batu zen; Fustiñana eta Ribaforadan zerbitzua handitu egin zen; eta Valtierran, berriz, gutxitu. Aldaketen izapidetzea egokia izan da, legediaren arabera egina.

Kontuen Ganberaren konklusioa da Mankomunitateak bide-garbiketaren kontratua gainbegiratu eta kontrolatu egiten duela. Dena den, kontrol lan hori ez da aski enpresak pleguaren eta eskaintzaren arabera bete beharreko baldintza administratibo eta teknikoak betetzen dituela bermatzeko. Alde horretatik, enpresak VISION izeneko aplikazio informatikoa eskaini zuen, zerbitzuaren kudeaketa eta giza-baliabide, material eta kontsumoak kontrolatzeko. Bada, aipaturiko kontrola ez da bere osotasunean aplikatu.

Horregatik, enpresari aplikazioa martxan jartzeko eskatu beharra aipatzen du; halaber, garbiketa zerbitzuaren kalitatea aztertu behar da, kontratuaren pleguek eskatutakoari jarraituz.