Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2024/16 Erripagainako egoeraren azterketa (Kontuen Ganberaren ustetan, Erripagaina Iruñearen, Burlataren edo bi udalen esku utzi beharko litzateke. Gaur egun bezala, lau udalen artean kudeatzeak ez du zentzurik, kudeaketa ez baita batere eraginkorra.
Kontuen Ganberak Erripagainaren egoerari buruzko txostena argitaratu du. Bertako Bizilagun Elkarteak bultzatu zuen, Geroa Bai talde parlamentarioaren bidez. Iazko martxoan, Parlamentuko Bozeramaleen Batzordeak txostena eskatzea onartu zuen.
Erripagaina 800.000 metro koadroko lurraldea da, Iruñerrian kokatua. 2004an onarturiko udalez gaindiko plan baten bidez sortu zen. Lurraldea lau udalerrirena da: Burlata (%59), Iruñea (%21), Eguesibarra (%10) eta Uharte (%10).
Planak bi zatitan banatu zuen lur-eremua, erabilpenaren arabera: %92 etxebizitzak (3.500) eta %8 merkataritzarako. Etxebizitza kopurua bitan handitu da: 2010ean, etxebizitza-eremuko eraikigarritasuna %30 handitzea erabaki zen; eta 2022an, berriz, merkataritza-eremuaren %70 etxebizitzetarako erabiltzea. Aldaketa horien ondorioz, Erripagainak 6.300 etxibizitza izanen ditu, eta 15.000 bat biztanle.
UGPk ez zituen arazoak aurreikusi
Esan bezala, Erripagainako berezitasuna da lau udalerritan dagoela. Bada, Udalez Gaindiko Plana onartzean aurreikus zitezkeen horrek sortuko zituen arazoak, horiei aurre egiteko bideak ere markatzeko. Ez zen horrelakorik egin.
Arazo horiek, funtsean, honakoak dira: zerbitzuak martxan jartzea kosta egiten da; irisgarritasunak arazoak daude, bai barneko komunikazioan nola kanpokoan; eta hirigintzako barne kohesio falta dago.
Hirigintza-garapena diru-iturri izan da udalentzat. Guztira, 61 milioi banatu dira. Burlatak 33,6 jaso ditu, Iruñeak 16. Eguesibarrak 7 eta Uhartek 4. Jasotako diru hori udalerri bakoitzeko inbertsioetan erabili behar da. Ez derrigorrez Erripagainan, udalerriko edozein tokitan baizik.
Planak aurreikusitako zerbitzuetatik oso gutxi egin dira, hiru besterik ez: Burlatako futbol zelaia, skate pista eta aurreikusitako etxebizitza babestuaren parte bat. Aipatzekoa da osasun eta hezkuntza zerbitzuak martxan jartzea Nafarroako Gobernuari dagokiola.
Alde horretatik, Gobernuak egina du osasun-zentroa eraikitzeko lizitazioa. 2028an zabalduko dela aurreikusita dago. Haur Eskola eraikitzeko kontratua egina dago. Datorren ikasturtean martxan jarriko da. Beste bi hezkuntza zentro eraikiko dira: Zubiarte Euskaltegia eta Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Zerga eta zerbitzu ezberdinak
Erripagaina lau udalerriren esku egoteak beste ondorioa dauka: bertako biztanleriak zerga eta zerbitzu diferenteak dituela. Konexio eta irisgarritasunari dagokionez, trafiko handiko lekua da, nolabaiteko irla moduan kokatua, inguruko herrietatik deskonektatua.
Errepagainako kudeaketa eraginkorragoa eta arrazionalagoa izateko, udalerri bakar baten esku uztea litzateke hoberena: Iruñea edo Burlataren esku, hain zuzen. Hori posible ez balitz, txostenak biren esku uztea proposatzen du. Iruñeak bere eremua hartuko luke, eta Burlatak, berriz, berea eta Eguesibarrekoa eta Uhartekoa.
Txostenak horren ondorio ekonomikoak ere aztertu ditu. Alde horretatik, Iruñeak Erripagaina osoa hartuko balu, Burlatak jasoko luke kalte handiena, urtean 2,6 milioi galduko lituzkelako. Hori jasota ere, Burlatak arazo nahiko larria du diru-sarreren eta gastuen arteko oreka lortzeko. Beraz, erabaki horrek nabarmen kaltetuko luke Burlatako Udalaren bideragarritasun ekonomikoa. Kasu horretan, Iruñeak urtean 3,6 milioi gehiago jasoko lituzke.
Burlatak lurralde oso bere gain hartuko balu, urtean hiru milioi eta erdi gehiago bilduko lituzke. Iruñeak ia bi milioi galduko lituzke.
Azkenik, Iruñeak bere zatia hartuko balu, eta Burlatak gainerakoa, Burlatak 1,3 milioi gehiago jasoko luke, eta Iruñeko Udalak ez luke aldaketarik sumatuko.
Gomendioak
Laburbilduz: Kontuen Ganberak Erripagainako administrazio-egoera aldatzea eskatzen du. Haren ustez, lurraldea udalerri bakar baten esku utzi behar da, eta gehienez biren esku. Bitartean, segurtasun, garbiketa eta berdegune-zerbitzuak hiru udalek elkarlanean kudeatzeko eskatzen du, aurtengo maiatzean erabakitakoaren arabera.
Irisgarritasuna hobetzeko beharra ere aipatzen du, bereziki Erripagainatik Mendillorriko Eskola Publikora. Azpiegituren kokapenaz ere bada aholkurik: erabakiak modu estrategikoan har daitezela, inbertsioen eraginkortasuna helburu.
Azkenik, Nafarroako Gobernuari eginiko gomendioa: udalez gaindiko planen hirigintza-garapena zuzendu eta koordinatu behar duela, udalerri batzuen esku dauden lurraldeetan sor daitezkeen arazoak aurreikusiz. Gobernuen esku daude zerbitzuak azkar martxan jartzeko ere eskatzen dio.