Skip to main content

2025/18 Foru Administrazioak emaniko bost kontraturi buruzko txostena, Parlamentuak eskatua (2017-2025)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Foru Administrazioak Acciona-Servinabar eta Acciona- Elegure Aldi Baterako Enpresa Elkarteei (ABEE) emaniko bost obra-lani buruzko txostena argitara eman du. Lehenbiziko enpresa elkarteak lau egin zituen: Arena pabiloia egokitzeko obrak, Nafarroako Artxibo zaharreko berritze-lanak eta bi etxebizitza multzoen eraikuntza, Erripañagan biak. Acciona-Alegure ABEEk, berriz, Arbizuko eskolako obra lanak egin zituen.

Txostenaren jatorria Ábalos auzian dago. Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak eginiko ikerketan Acciona-Servinabar enpresa elkartea aipatzen zen.

Txostena ezagututa, Maria Chivite Nafarroako presidenteak Parlamentuari eskatu zion obra horiez txostena eska ziezaiola Kontuen Ganberari.

Kontuen Ganberak lau kontraturen lizitazioaz, adjudikazioak eta betetzeaz aldeko iritzia ematen du, legearen araberakoak izan baitira. Salbuespena Erripagañako 62 babes ofizialeko etxebizitzak dira. Horretan bi huts antzeman dira: kontratazio-mahiaren aktarik eza eta kanpoan utzi beharreko bi eskaintza.

Arena pabiloia

Arena pabiloiko kontratua Kirol eta Gaztedia Nafar Institutuak kudeatu zuen. Lizitazioa-iragarkia 2017ko abuztuaren 17an argitaratu zen. Irailaren 4ra arteko epea eman zen eskaintzak aurkezteko. Lizitazio-prezioa 4,6 milioikoa izan zen. Acciona-Servinabar izan zen lizitatzaile bakarra. Lizitazio-prezioaren jaitsiera hutsaren hurrena izan zen: %0,2.

Kontratuaren zenbatekoa 200.000 eurotan handitu zen, kirol federazioek eginiko eskaerei erantzuteko. Kontuen Ganberak ontzat hartzen ditu aldaketa justifikatzen duten txosten teknikoak. Aldaketa egoki tramitatu zen.

Obra-lanen amaiera atzeratu egin zen. Horregatik, Kirol eta Gaztedia Institutuak 78.000 euroko isuna ezarri zion enpresari.

Nafarroako Artxibo Zaharreko eta sarbideko lorategiko obrak

Nafarroako Artxibo Zaharreko eta sarbideko lorategiko obren lizitazioa 2018ko otsailekoa da. Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta justiziako Departamentuak kudeatu zuen. Lizitazio-prezioa 2,9 milioikoa izan zen. Lau eskaintza aurkeztu ziren. Kontratua Acciona-Servinabar enpresa elkarteari eman zitzaion, 2,4 milioitan.

2019ko martxoan, enpresak obra amaitzeko epea handitzea, eta obren zati bat aldi baterako etetea, ezustekoak argudiatuz. Gobernuak ez zuen eskaera onartu eta enpresak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Gobernuak enpresak lanean segitzea erabaki zuen, errekurtsoa argitzen zen bitartean. Azkenean, partzialki onartu zen. Horren ondorioz, lanak amaitzeko epea sei hilabetez luzatu zen.

Obraren prezioa 2,9 milioikoa izan zen. Obraren garestitzea justifikatzen duten txosten teknikoak “zentzuzko”ak dira Kontuen Ganberaren esanetan.

Arbizuko eskola

Arbizuko eskolako lanak 2018ko maiatzean lizitatu ziren, 3,5 milioitan. Bost eskaintza aukreztu ziren. Hezkuntza Departamentuak Acciona-Alegure enpresa elkarteari eman zizkion, 3,2 milioitan.

Obrak 2018ko abuztuan hasi ziren. Dena den, hurrengo hilabeteetan oso gutxi aurreratu ziren. 2019ko martxoan, enpresak kontratua bertan behera utzi edo obra amaitzeko epea handitzea eskatu zuen. Gainkostuen ordainketa ere eskatu zuen. Hezkuntza Departamentuak obra gauzatzeko epea bi hilabete luzatzea erabaki zuen. Enpresak, bere aldetik, epea gehiago luzatzea eta kontratuaren prezioa handitzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Departamentuak partzialki onartu zuen errekurtsoa: zenbatekoa 85.000 eurotan handitu eta epea bi hilabetean handitzeko erabakiari eutsi zion.

Obraren amaiera bi hilabetez atzeratu zen. Horren ondorioz, Gobernuak 18.000 euroko isuna ezarri zion enpresari. Obra lanen behin betiko kostua 3,3 milioikoa izan zen.

Eguesibarreko Erripagaineko babes ofizialeko 62 etxebizitza

Erripagaineko babes ofizialeko 62 etxebizitza eraikitzeko lizitazioa 2018ko irailekoa da. Kontratua Nasuvinsa sozietate publikoak kudeatu zuen. Hiru eskaintza jaso eta Acciona-Servinabar enpresa elkarteari eman zion, 6,8 milioitan.

Txostenak dioenez, ez dago kontratazio mahaiak eginiko aktarik. Zenbat lagunen arteko dokumentazio trukaketa aurkitu da, balorazio tekniko eta ekonomikoekin, datarik eta sinadurarik gabe.

Bestalde, enpresek ezin zuten obrak amaitzeko epeari buruzko informaziorik sartu bestelako irizpideak biltzen zituen sobrean. Kontua da hiru enpresatik bik –lizitatzailea horietako bat- informazio hori sartu zutela. Horrek lizitaziotik baztertzea zekarren.

Obraren prezioa 900.000 eurotan handitu zen. Kontuen Ganberak ontzat hartzen ditu aldaketa justifikatzen duten txoxten teknikoak. Obraren amaiera bi hilabete eta erdiz atzeratu zen pandemiak sorturiko arazoengatik. Horregatik, enpresak ez zuen zigorrik jaso.

Iruñeko Erripagaineko babes ofizialeko 46 etxebizitza

2023ko urtarrilean, Nasuvinsak Iruñeko Erripagainean babes ofizialeko 46 etxebizitza eraikitzeko kontratua adjudikatu zuen. Hiru eskaintza jaso zituen. Lizitazio-prezioa 8,4 milioikoa zen. 7,8 miliotan adjudikatu zen. Txosten tekniko bateak kontratua 530.000 eurotan handitzea onartu eta behin betiko kostua 8,3 milioikoa izan zen.

Kontuen Ganberaren ustez, kontratua lizitatzeko, esleitzeko eta gauzatzeko prozedura kontratazioa publikoari buruzko araudiaren araberakoa izan zen.

Kontratuan badira, oraindik, argitu beharreko bi kontu. Batetik, pleguak langile batzuk irizpide sozialak kontuan hartuz kontratatzea aurreikusi zuen. Hori hala egin ote den argitu behar da. Beste afera lanen amaiera atzeratu izanaren ingurukoa da. Bi kontuok zigorra ekar liezaiokete enpresari.

ABEEen parte-hartzeak eta Servinabarraren kontuak

Txostenak enpresa elkarteak osatzen duten kideen parte hartzea aztertu du. Arbizuko eskolari dagokionez, 2018ko dokumentu publiko baten arabera Accionak akzioen %75 dauka eta Alegurek %25. Urte berean, portzentajeak aldatu eta Acciona %99,99aren jabe bihurtu zen.

Erripagañako babes ofizialeko 62 etxebizitzak egiteko sortu zen enpresa elkartean ere gorabeherak daude portzentajeetan. Eskaintzaren arabera, Accionak %80 dauka, eta Servinabarrek gainerakoa. Enpresa elkartearen sozietate zergaren aitorpenetan, ordea, bestelakoa da portzentajea: Accionak %99 dauka.

Azkenik, Servinabarren kontuez aipamen bat: sozietate zergaren aitorpenek enpresa elkarteetan zuen partaidetza islatzen dute. Merkataritza Erregistroan dauden kontuetan, ordea, ez dago enpresa elkarteetan eginiko lanen arrastorik: ez diru-sarrerarik eta ez gasturik.

Gomendioak

Hau dena ikusita, Kontuen Ganberak bi gomendio eman dizkio Foru Administrazioari: batetik, adjudikazio-irizpideak eta puntuazioak hobeki zehaztea pleguetan; bestetik, Kontratu Publikoen Foru Legea aldatzea enpresa elkarteen atalean, enpresen funtzionamendua eta portzentajeen aldaketak hobeki arautzeko.