Skip to main content

2025/11 Osasun mentala, 2020-2023

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2025/11 Osasun mentala, 2020-2023 (
3.512 KB
)

Kontuen Ganberak txosten bat argitaratu du osasun mentalaren kudeaketari buruzkoa. Azterketa 2020-2023 aldiari dagokio. Gaur egungo egoera aztertzeaz gain, 2020ko txostenean gai berari buruz emandako gomendioak jarraitu diren berrikusten du.

Osasun mentala osasun-kudeaketaren alderdi bat da, pandemiaren ondoren bereziki kezkatzen duena. Hori dela eta, antzemandako arazoak aztertzeaz gain, osasun-agintariek arreta berezia jarri dute sustapenean eta prebentzioan.

Zentzu horretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Osasunbideak 2022an martxan jarri zuten “Ongizate Emozionalaren Programa”. Suizidioa eragozteko ekimenak ere jarri dituzte martxan, hala nola “Nafarroa, suizidioaren prebentzioaren alde” webgunea. Horrez gain, Osasun Mentaleko Sareak jokabide suizidak dituzten pertsonentzako plan espezifiko bat egin zuen 2020an. Eta 2022tik “Suizidio kodea” izenekoa dago pazienteen historia medikuan txertatua.

Osasun mentaleko sarearen irisgarritasunari dagokionez, ezarritako epean erantzun diren lehentasunezko kontsulten kopuruak bilakaera negatiboa izan du. Izan ere, 2019-2024 bitartean %68tik %43ra jaitsi da.

2023an Lehen Mailako Arretako taldeetan psikologoak sartu zirenetik, paziente gutxiago bideratzen ari dira osasun mentalera.

Hala ere, osasun mentaleko zentroetarako irisgarritasunak okerrera egin du. Izan ere, 2023an lehentasunezko kontsulten %53 soilik artatu ziren legez ezarritako epearen barruan (10 egun baliodun).

2021etik, Nafarroako osasun mentaleko zentro guztietako kontsultek gora egin dute. 2023an, 161.000 kontsulta egin zitzaizkien 29.000 pazienteri, 2019an baino %13 gehiago.

Eguneko zentroetan eta ospitale-unitateetan, ordea, arreta jaso duten pazienteen kopuruak behera egin du pandemiaz geroztik. 2023an, 2.500 pertsona artatu ziren, 2019an baino %4 gutxiago.

Kontuen Ganberak uste du, oro har, ospitalizazio eta laguntza-baliabideak nahikoak eta eskuragarriak zirela. Hala ere, ezin izan zituen mendekotasun-nahasmenduetarako eta adingabeentzako eguneko ospitaleak baloratu, datu faltagatik.

52 milioi Osasun Mentaleko Sarean

Osasun mentaleko sareak urtean 52 milioi gastatzen dituela kalkulatu du Kontuen Ganberak. 2019arekin alderatuta, %20ko igoera dakar termino nominaletan eta %4koa termino errealetan, hau da, KPIaren aldaketa kontuan hartuta. Gastu horren %73 langileei dagokie, eta %26 ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntari.

3,7 milioi inbertitu dira eraberritze eta mantentze lanetan, baina ez da eraiki Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko ospitalizazio unitate berria, Osasun Mentaleko Planean giltzarri gisa aurreikusia zena.

Langileriari dagokionez, osasun mentaleko sareak 700 profesional baino gehiago ditu. 2019ko datuekin alderatuta, %37 igo da langile kopurua.

Psikiatra eta psikologo klinikoak kontratatzerakoan arazo bat dago. Txostenaren arabera, profesional horien %40k baino gehiagok erretiroa hartuko dute datozen hamar urteetan, eta horrek egoera larriagotu lezake.

1.226 prestazio soziosanitario

2023aren amaieran, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak 1.226 prestazio sozio-sanitario kudeatzen zituen, hala nola egoitzetako edo errehabilitazio-zentroetako plazak. Urte horretan 15 milioi bideratu zituen. 2019arekin alderatuta, %35eko igoera nominala egon da eta %17koa termino errealetan.

2020tik 2023ra baliabide komunitarioetako prestazioak handitu ziren, hala nola etxebizitza babestuetan, eta horrek lagundu egin du prestazio soziosanitarioak jasotzeko zain dauden pertsonen kopurua 125eraino murrizten, 2019 amaieran baino %35 gutxiago. Hala ere, txostenaren arabera, gastuaren %40 “zerbitzuari lotutako prestazioaren” sistemaren bidez kudeatzen da, eta sistema hori ezohiko gisa araututa dago, dauden plaza propio eta itunduetatik gainditzen diren beharrak estaltzeko.

Kontuen Ganberak 2020an egindako gomendioetatik 11 guztiz edo erdizka bete dira, eta 5 ez dira gauzatu.

Txostenak osasun mentalaren kudeaketa hobetzea gomendatzen du, haur eta gazteen psikiatriarako baliabideak eta adikzio-nahasteen tratamendua berrikusiz. Gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitzetan eta etxebizitzetan itundutako plazak areagotzea ere proposatzen du.