Skip to main content

ASOCEX

2023/17 Hezkuntza departamentuko aldi-baterako kontratazio sistema (2020-2022)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Hezkuntza Departamentuko irakasleen aldi baterako kontratazio-sistemari buruzko txostena argitaratu du. Txostenak 2020-2022 epea aztertu du.

2022ko amaieran, Hezkuntza Departamentuak ia 12.000 profesional zituen, horietatik 6.000 kontratatuak. Irakasleak 9.200 dira, 5.000 kontratatuak.

Txostenak dionez, gutxienez hezkuntza premien %30 aldi baterako kontratazioaren bidez betetzen dira. Jakina denez, Administrazioko aldi-baterakotasun maila jaisteko asmoa dago, egonkortze planen bidez. Dena den, Hezkuntza arloan beti izanen da garrantzitsua kontratazioa, bere dinamismoagatik eta beharren aldaketengatik.

Beraz, hezkuntza kudeatzeko funtsezko kontuaz ari gara, erantzun azkarra eskatzen duena.

27.000 kontratazio

2020tik 2022ra bitartean, Hezkuntza Departamentuak aldi baterako 27.000 kontratu egin zizkien irakasleei. Horietatik, 12.000 ikasturte hasieran eta 15.000 ikasturtean barna.

Kontratuak Hezkuntza Departamentuak berak kudeatzen ditu, aplikazio informatiko propioen bidez. Aplikazio nagusia lanpostuen esleipen telematikoa (ATP) egiten duena da. Horren bitartez, kontratazioen %82 egiten dira. Prozesu automatikoa da. ATP aplikazioak eskaintzak Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan argitaratu, eskaerak jaso eta lanpostuak ematen ditu. Ondoren, horren berri ematen die ikastetxeei eta irakasle kontratatuei.

Txostenak prozedura eraginkorra dela dio. Izan ere, ATPn argitaraturiko eskaintza ia guztiak lehen edo bigarren deialdian betetzen dira. Deialdi bakoitzean, 24 ordu baino gutxiago igarotzen dira deialdia argitaratzen denetik emaitza ezagutzen den arte. 

Kontuen Ganberak kontratazio sistemaren gardentasuna azpimarratzen du. Izan ere, edozein pertsonak kontsulta dezake irakasle-lanpostuetarako esleipenei eta izangaien zerrendei buruzko informazioa, egunero gaurkotua.

2020tik 2022ra bitartean, informazio horrek 25 milioi bisita izan zituen. Horrek erakusten du lanpostuetarako hautagaiek informazioaren jarraipen handia egiten dutela. Epe horretan, lanpostuen esleipenei buruzko 16 errekurtso administratibo besterik ez dira aurkeztu. Kopuru oso txikia da kontratazio maila kontuan harturik.

Automatizazioa bultzatu

Txostenaren konklusio nagusia da aldi baterako irakasleen kontratazio sistema seguru, eraginkor eta gardena dela. Segurtasuna lanpostu gehienen esleipen automatikoan dago oinarriturik. Eta gardentasuna, eskaintza, zerrenda eta esleipenei buruzko informaziorako sarbide errazak bermatzen du.

Kontratazio sistema hobetzen segitzeko, Kontuen Ganberak automatizazio- prozesua zenbait fasetan osatzea gomendatzen du. Izan ere, badira oraindik fitxategiak posta elektronikoz bidaliz edo datuak eskuz sartuz egiten diren lan batzuk.

 ·  Aldi baterako irakasleen kontratazio sistema “seguru, eraginkor eta gardena” da.

 .  Irakasleen aldi baterako kontratazioa erantzun azkarra eskatzen duen funtsezkoa kontua da.