Skip to main content

ASOCEX

2023/22 Iruñeko Udalaren 2022ko kontu orokorra

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2023/22 Iruñeko Udalaren 2022ko kontu orokorra (
3671
)

Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalari buruzko txostena argitaratu du. Bertan, udalaren kontuak eta finantza egoera aztertu ditu. Udalaren egoera ez ezik, haren bi erakunde autonomoen datuak ere bildu dira: Hirigintza Gerentzia eta Haur Eskolak. Iruñeko Udalak bi sozietate publiko ere baditu: Comiruña, Iruñea Gune Historikoa, Etxez-etxeko arreta zerbitzua, Animasa eta Mercairuña. Azkenik, kultur fundazio bat ere badu: Gaiarre Fundazioa.

Iaz, Iruñeko Udalak 251 milioi gastatu eta 270 bildu zituen. Gastuetan nagusia langileria da: 107 milioi. Ohiko ondasun eta zerbitzuetan 82 gastatu zituen eta inbertsioetan 31.

Iruñeko plantilla organikoak 1.624 lanpostu ditu, eta horietatik 595 hutsik daude. Azken horietatik, 477 aldi baterako kontratazioen bidez bete dira. Iazko amaieran, Iruñeko Udalak 1.506 langile zituen. Langileriaren behin-behinekotasun indizea %32a da.

Tasa hori murrizteko asmoz enplegua egonkortzeko, lan-eskaintza bat dago martxan, 265 lanposturekin.

Diru-sarrerei dagokienez, ohiko transferentziek 112 milioi egiten dute: zuzeneko zergek 61 milioi, eta tasa eta prezio publikoek 26 milioi.

Finantza egoera ona

Iazko ekitaldian, udalaren aurrezki garbia gutxitu egin zen aurreko urteko datuarekin alderatuz: 29 milioitik 21 milioira. Horren arrazoia da funtzionamendu gastuen igoera: langileria, ohiko ondasunak eta ohiko transferentziak, 193 milioitik 208 milioira handitu baitziren.

Gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina 36 milioikoa da. Horietatik 15 iaz harturiko zorrari dagozkio. Aipatzekoa da gastuen zenbateko handia (ohikoak zein kapital gastuak) diruzaintzako gerakinetik finantzatu zirela: 14 milioi. Horren ondorioz, diruzaintzako gerakina nabarmen murritu zen.

Txostenaren arabera, 2022an zorra %20 handitu zen, 36 milioitik 43,5era. 

Datu horiek kontuan hartuz, hona hemen Kontuen Ganberaren konklusioa: Iruñeko Udalaren finantza egoera ona da. Izan ere, funtzionamendu-gastuei eta finantza-zamari aurre egiteko baliabide nahikoak sortzen ditu.

Finantza-auditoretzaren iritziari dagokionez, 2022ko kontu orokorrak ondarearen, finantza-egoeraren eta ekitaldiko emaitza ekonomikoen irudi fidela adierazten du. Legezkotasunaz ere aldekoa da iritzia, salbuespenenen bat aipatzen bada ere: iraupen data amaitua duten zerbitzuen ordainketa (21 milioi) eta Labriteko pasabidea sendotzeko obra.

Next Generation funtsak

Txostenak Next Generation funtsak ere aipatzen ditu. Iruñeko Udalari 28 milioi eman dizkiote funts horietatik. Iazko amaieran 13 zituen kobratuak eta 10 gastatuak. Inbertsioaren zati nagusia (6,5 milioi) “Iruñea aurrera doa” proiektura bideratu da. Proiektuaren helburua da mugikortasun-eredua, ingurumenaren kalitatea eta hiriaren lehiakortasuna hobetzea.

Labriteko pasabidea: 2,3 milioi

Txostenak Labriteko Pasabideko obra ere aztertu du. 2011ko urtarrilean zabaldu zen, 644.000 euroko inbertsioa egin ondoren. 2016ko irailean pasabidea itxi egin zen, segurtasun arazo batzuk antzeman zirelako. 2023ko urrian zabaldu zen berriro, sendotzeko obra amaituta.

Aipaturiko bigarren obra 594.000 eurotan esleitu zen. Aldaketa batzuk eta obra osagarriak egin ondoren, behin-betiko kostua milioi bat baino zertxobait gehiagokoa izan zen. Prezioaren desbideratzea %78 izan zen. Horri txostenak, proiektua, obraren zuzendaritza eta bestelako gastuak gehituz gero, sendotze obraren kostu osoa 1,6 milioi da.

Beraz, Labriteko Pasabideko kostu osoa 2,3 milioi da.

Kontuen Ganberak egiaztatu duenez, erantzukizunen eskaera luzatu egin da. Udalak 1,6 milioi eskatu ditu kalte-ordain gisa, pasabideko obren akatsengatik. Kopuru horretatik 140.000 euro besterik ez ditu jaso.

Txostenak pasabidea sendotzeko obraren proiektua aztertzea gomendatzen du, egileari kalte-ordaina eskatzeko, akats, arazo tekniko, material edo omisioengatik.

Kontuen Ganberak gomendatzen du, halaber, kontu-hartzailetzaren barne kontrola indartzea, kontratuen lizitazioa epemuga baino lehen planifikatzea eta udal-higiezinen balioa finkatuko duen balorazio-txostena onartzea.