Skip to main content

2023/03 Itzalpeko bidesarien bidez eginiko kontzesioak (2014-2021)

Argitalpen data

Kontuen Ganberak itzalpeko ordainsaria sistemaren bidez eginiko azpiegituren egoera aztertu du. Hiru dira: Bideko autobidea, Pirinioko Autobidea eta Nafarroako Ubideko zona ureztagarriak.

Parlamentuak egin zuen txostenaren eskaera, Geroa Bai taldeak bultzatuta. Kontuen Ganberak kontratuen egoera, haren gaineko kontrola eta azpiegiturek zor mailan eta etorkizuneko aurrekontuetan duten eragina aztertu ditu.

Itzalpeko ordainsaria administrazio publikoaren eta enpresen arteko kolaborazio mota bat da, epe luzekoa. Enpresak azpiegitura eraiki, finantzatu eta kudeatzen du. Administrazio publikoak, bere aldetik, erabiltzaileen araberako ordainsaria pagatzen du. Kontzesio-epea amaiturik, azpiegitura Administrazioaren esku gelditzen da.

Kontuen Ganberak egina du gaiari buruzko beste txosten bat. 2014koa da, eta kontratuak sinatu zirenetik 2013ra arteko epea aztertu zuen.

Txostenak dioenez, Bideko Autobidearen eraikuntzaren prezioa 390 milioi izan zen. Nafarroako Ubideko lehen fasekoa, 170 milioi. Pirinioko Autobidean ez da behin betiko prezioa onartu; aurrekontua 271 milioikoa da. Eta Ubideko lehen faseko zabaltze-lanetan 158 milioi gastatu dira.

2021eko abenduaren 31 arte, Gobernuak 604 milioi ordaindu ditu Bideko Autobidearen ordainsariagatik. Pirinioko Autobideagatik, 160 milioi. Ubideko zona ureztagarriengatik, 170 milioi. Eta lehen faseko zabaltze-lanengatik, 35 milioi. Beraz, 969 milioi ordaindu ditu itzalpeko bidesariaren bidez eginiko azpiegiturengatik.

Autobideei dagokienez, aurreikusitako trafikoa handiagoa da benetakoa baino, bereziki Pirinioko Autobidean.

Etorkizuneko gastuaz, prebisio bat dago: Gobernuaren 2021eko kontu orokorrena. Horren arabera, azpiegitura horiek 1.643 milioiko gastua sortuko dute hurrengo urteetan. Halere, kalkulua ez dago gaurkotua.

Bideko Autobidea

Kontratua 2002koa da. Gobernuak eta Autovía del Camino sozietateak sinatu zuten, autobidea egin, kudeatu eta mantentzeko. 30 urteko iraupena dauka.

2016an sozietatean akzioen salerosketa izan zen. Infraestructure Panther bihurtu zen akziodun bakar. Urte bete geroago, Galvantula S.L.U. enpresak erosi zuen.

Enpresak kontzesioaren baldintzak aldatzeko eskatu du, Covid-19aren pandemiak sorturiko kalteak argudiatuta. Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu. Justizia Epaitegi Gorenera heldu da auzia. Momentuz, epairik ez dago.

Pirinioko Autobidea

2009koa da kontratua. Horren helburua zen 16 kilometroko bi zati berri egin eta eraikiak ziren beste zatiak kudeatzea, 45 kilometro guztira. Autovía del Pirineo S.A.U. enpresari eman zitzaion, 30 urterako. Enpresa 2012an hasi zen errepidea kudeatzen.

Sozietatearen akziodunetan aldaketak izan dira. 2020ko urtarriletik akziodun bakarra dago: Iridiun Hermes Roads S.L. sozietatea.

Autobidearen luzerari buruzko auzia izan zen. Kontratuaren arabera, 46,097 kilometro ditu. Eraiki gutxixeago egin zen: 45,421 kilometro. Epaitegi Gorenak enpresaren alde egin zuen, pleguek esandakoa kontuan hartu behar zela argudiatuta. Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak 400.000 bat euro ordaindu dio enpresari, kontratuaren hasieratik kobratu beharreko gehigarriagatik. Epaiak kontratua amaitu arteko eragina izanen du.

Kasu honetan ere, enpresak kontratuaren baldintzak berrikusteko eskatu zuen, pandemiaren kalteak argudiatuta. Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu. Enpresak epaitegietara eraman zuen auzia. Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenak ez du helegitea onartu, kontratuaren oreka ez dela hautsi argudiatuta, iraupena 30 urtekoa baita.

Nafarroako Ubideko zona ureztagarriak

Nafarroako Ubideko zona ureztagarrien lehen fasea eraiki eta kudeatzeko kontratua 2006an sinatu zen. Zona Regable del Canal de Navarra sozietateari eman zitzaion. Akziodunak Impact Navarra S.L.U. eta Sociedad General de Aguas de Barcelona S.A. dira, bakoitzak %50. Zona ureztagarriak 15 eremu ditu. Hasierako aurreikuspena zen 23.610 hektarea ureztatzea. Kontzesioa 30 urterako sinatu zen.

2014an lehen fasearen zabalpena egin eta kudeatzeko kontratua sinatu zen Aguas de Navarra, S.A. sozietatearekin. 15.000 hektarea ureztatzeko tokia dago.

INTIA sozietate publikoa da kontzesioen ikuskapen eta kontrol arduraduna, eraikitze-fasean eta kudeaketan ere.

Ur kontsumoa aurreikusi baino txikiagoa izan da. Lehen fasean, %18 murritzagoa; eta fasearen zabaltzean %68 gutxiago, obraren amaiera atzeratu delako.

2021ean, lehen faseko zona ureztagarriak 22.400 hektarea zituen. Horietatik, %91k egina du ureztatze sistema.

Nafarroako Ubidearen lehen faseko zabaltze-lanak aurten amaituko direla aurreikusi da.

Orain arte, lehen fasearen zabaltze-lanen kontzetsio kontratuaren bost aldaketa onartu dira. Hori dela eta, finantza plana berraztertu eta gaurkotu da. Horren ondorioz, eskaintzen tarifa %50 handitu da.

2021eko abenduaren 31n, lehen faseko ustiapen-azalera 8.000 hektarea da. Aurreikusitakoaren erdia baino gutxiago da hori.

Kontratuen korapiloa

Kontuen Ganberak beste zerbait azpimarratzen du: kontratu mota honen zailtasun teknikoa. Horregatik, Gobernuak beste batzuen esku utzi behar izaten du dena: hasteko, pleguak egiteko ardura. Finantzaren egoera berriro orekatzeko azterketak ere kanpoko adituen esku gelditzen dira, hain dira korapilatsuak.

Kontratua hain luzeak izateak epe oso luzeko azterketak eskatzen ditu. Horren ondorioz, aurreikusten zailak diren kontuak gertatzen dira. Hortik dator finantza-oreka berriro egiteko beharra.

Hori dena ikusirik, Kontuen Ganberak gomendio batzuk eskaintzen ditu. Batetik, Administrazioak bideragarritasun planak egin ditzala holako kontratuak egin aurretik. Txosten horietan, noski, azpiegitura publikoak finantzatzeko alternatibak aztertu behar ditu. Beti ere, erabakiak justifikazio argia behar du. Halaber, finantza plan argiak eskaintzen ditu, Administrazioak berak aztertzeko modukoak. Helburua, beti ere, lan horiek Administrazioak berak egitea da, kanpora atera behar izan gabe.

Bestalde, holako kontratuak sinatu aurretik defizit eta zor kontuetan izanen duten eragina aztertzea eskatzen da. Izan ere, horretan arrazoitu da itzalpeko ordainsariaren erabilpena: ordaindu beharrekoa ez zela zortzat hartzen. Eta egia da horixe gertatzen dela Bideko Autobidearekin eta Nafarroako Ubidearekin. Pirinioko Autobidean eta Ubideko lehen fasean gastaturikoa, ordea, zortzat hartzen da.

Txostenak beste gomendio bat luzatu dio Gobernuari: autobideak kudeatzen dituzten sozietateetako ordezkariak izenda ditzala, kontratu horien kontu finantzarioak hobeki kontrolatzeko. Izan ere, kontratuan izendapena aurreikusia badago ere, Gobernuak ez du 2014tik ordezkaririk izendatu.