Skip to main content

ASOCEX

2012/19 Nafar langile publikoen soldata murrizketari buruzkoa

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak sektore publikoan eginiko soldata murrizketari buruzko txostena plazaratu du. Aipaturiko murrizketa foru lege baten bidez onartu zen, espainiar gobernuak 2010eko maiatzean krisiari aurre egiteko harturiko ez ohiko neurriak Nafarroan ere indarrean jartzeko.

Legeak nafar langile publikoen soldata, bataz beste, %5 murriztea aurreikusi zuen. Funtzionarioei dagokienez, maila bakoitzeko oinarrizko soldataren murrizketa ezberdina izan zen. Horrela jaitsierarik txikiena E mailakoena izan zen (%0,24) eta handiena, berriz, A mailakoena (%6,7). Honek Langileriaren Estatutuak finkaturiko soldaten sailkapena eta mailen arteko diferentziak aldarazi zituen.

Zerbitzu buruen soldata %7 gutxitu zen, zuzendari nagusiena %8 eta presidente eta kontseilarienak %15. Legeak enpresa publikoetako langileriaren soldata ere %5 jaistea aurreikusi zuen.

Txostenak dioenez, Nafarroako Gobernuak 26 milioiko aurrezkia lortu zuen neurria martxan jarrita. Soldatetan urtean gastaturikoa kontuan hartuz (1.164 milioi), portzentajea %2,25 da. Kontuan hartzekoa da, batetik, langileriaren gastua ez dela soldatetara mugatzen eta, bestetik, aurrezturikoa urteko bigarren zatiari dagokiola.

Korporazio Publikoak emaniko datuen arabera, enpresa publikoen aurrezkia 1,2 milioi izan da, langileria gastuen %2,16. Zenbait enpresatan soldaten murrizketa egin bada ere, jaitsieraren arrazoi nagusia bestelakoa da: kudeatzaileen kopuruaren murrizketa, erretiroak eta langileriaren murrizketa. Hiru enpresatan (Nasersa, SPRIN eta ITGG) soldaten murrizketa %5etik beherakoa izan da.

5.000 biztanletik gorako udal guztiek egin dute murrizketa. Aurrezkia 2,1 milioi izan da, langileria gastuaren %1,28. Udalak legeak zehazturiko helburu jakin batzuetan erabili behar zuten aurrezkia: diruzaintzako gerakin negatiboa orekatzeko, zorra gutxitzeko edo inbertsioetarako.

Txotenak mankomunitate eta udal enpresa publikoen datuak ere ematen ditu.