Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2025/05 Nafarroako Gaztediaren Kontseiluaren urteko kontuak, 2023 eta 2024 (Kontuen Ganberak Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren azken bi urteotako kontuak aztertuta, kontabilitatean kontrol falta atzeman du. Gaur egun, Kontseiluak ez du deus egiten eta, gutxienez, 120.000 euroko zorra du. Bideragarritasun falta nabarmena izanik, txostenak Kontseilua deuseztatzeko aukera aipatzen du.
Nafarroako Gazteriaren Kontseilua 1986an sortu zen, gazteen parte-hartzea sustatu eta beraien eskubideak bermatzeko. Kontseiluaren arautegiak aurreikusia zuen diru-sarrera nagusia bazkideen ekarpena izanen zela. Ez da horrelakorik gertatu: diru-sarrera guztiak publikoak dira. Diru-sarrera nagusia (%81) Gazteriaren Nafar Institututik jasotzen zuen. Nafarroako Parlamentuak diru-sarreren %15 ematen zion.
2023an, Kontuen Ganberak 2019tik 2023ra arteko kontuei buruzko txostena argitaratu zuen. Konklusio nagusia izan zen kontabilitatean kontrol falta nabarmena zegoela.
Egoera ez da hobetu. Kontabilitatean dagoen kontrol faltaren ondorioz, Kontuen Ganberak bankuen mugimenduak aztertu ditu erakundearen ekonomia-jarduera ezagutzeko. 2023an, diru-sarrerak eta gastuak 128.000 eurokoak izan ziren. Iaz, berriz, askoz murritzagoak: 10.000ko gastuak eta 11.000 euroko diru-sarrerak.
2023an, Kontseiluak lau langile zituen. 2024ko hasieran, bi besterik ez. Haiek soldatak kobratzeari utzi eta epaitegira jo zuten, kontratuak bertan behera uzteko. Epaileak langileen alde egin eta 80.000 euroko kalte-ordainketa finkatu zuen. Kontua da Kontseiluko inor ez zela epaiketara joan, eta kalte-ordaina ere ez duela pagatu.
Txostenaren konklusioa argia da: Gazteriaren Kontseiluak ez du deus egiten, egoitzarik ez du, ezta langilerik ere. Haren organoak ez dira berritu, iazko uztailerako deituriko batzordean quorum-ik ez zelako izan. Berritu gabeko organo horiek ez dira deus egiten ari. Kontseiluak, gutxienez, 120.000 euroko zorra dauka. Zorraren zati nagusia aipaturiko sententziaren ondorioa da. Gainerako zordunak Gizarte Segurtasuna, Nafarroako Ogasuna eta Espainiako Gazteriaren Kontseilua dira.
Hau dena ikusita, argi dago Kontseiluak ez duela bideragarritasunik. Beraz, Kontuen Ganberak Kontseilua deuseztatzeko aukera aztertu beharra aipatzen du.