Skip to main content

2021/13 Nafarroako Gobernuaren ordainketa telematikoaren sistema

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Gobernuaren ordainketa telematikoa aztertu du

 Nafarroako Kontuen Ganberak Gobernuaren ordainketa telematikoaren sistema aztertu du. Txostenak azken hiru urteotako kudeaketa du oinarri.

 Txostenak emaniko datuek erakusten dutenez, ordainketa telematikoa gora doa. 2018an, Nafarroako Gobernuak 1.800 milioi bildu zituen bide horretatik. Hurrengo urtean, ia 2.000 milioi. Iaz eginiko 700.000 ordainketa telematikoren bidez, 2.163 milioi bildu zituen.

 Ordainketa telematikoak hiru modu ditu. Nagusia, banketxeen bidezko helbideratzea. Kasu horretan, bankuek bideratzen dute ordainketa zerga-ordaintzailearen kontua erabiliz. Finantza-entitateek Gobernuari ematen dioten on line zerbitzua ere ordaintzeko beste modu bat da. Horren bitartez, Administrazioak zerga-ordaintzaileei kobratzen die kontu-korrontearen bidez. Azkenik, txartel bidezko ordainketa dago. Dena den, azken hori ezin da zerga-ordainketetan erabili.

 Helbideratzea da ordainketa sistema nagusia. Iaz, horrela egin ziren 560.000 ordainketek 1.850 milioi eman zuten. On line zerbitzuaren bidez 332.000 euro bildu ziren. Txartel bidezko ordainketak oso gutxi ematen du. Iaz, 1.500 euro besterik ez.

 Kontuen Ganberak eginiko azterketa informatikoak sistemaren akats asko  antzeman ditu. Gainera, akats horiek ez dira behar bezain azkar konpontzen. Horren ondorio dira sisteman maiz sortzen diren arazoak, horietako bat huts egiten duten ordainketak. Azken hiru urteotan, huts egin duten 82.000 ordainketa daude. Horietatik 36.000 kasutan hutsa ez da ordaintzailearena. Egin behar ez diren kobrantzak ere antzeman dira, eta bitan eginiko ordainketak. Horiek sistemak berak saihestu beharrekoak dira.

Arazo horiek konpondu egiten dira, behin zerga-ordaintzailearen kexa jasota. Dena den, ordaintzaileari arazoak sortzen dizkio eta, gainera, ordainketa telematikoaren irudia kaltetu egiten dute.

Hutsak huts, zergen kudeaketa eta ordainketa egokia da. Izan ere, Foru Ogasunaren informazio iturria ez da ordainketa telematikoa, bankuek kobrantzei buruzko emanikoa baizik.

Kontuen Ganberak ordainketa telematikoa hobetzeko eskatu dio Gobernuari, orain ematen ez duen konfiantza eta bermea eman ditzan. Alde horretatik, aipatzekoa da Ogasun eta Telekomunikazio eta Digitalizazio Departamentuetako teknikari talde bat lanean ari dela helburu horrekin.

Kontuen Ganberaren aburuz, Foru Ogasunak ordainketa sistema sakon ezagutzen dituzten informatikariak behar ditu, horretan hutsune bat baitu. Horrez gain, bestelako gomendio tekniko zehatz batzuk eskaintzen ditu ordainketa telematikoa hobetzeko.

  • 2.200 milioi biltzen dira ordainketa telematikoaren bidez.

 

  • Arazoak: huts egiten duten ordainketak, bitan eginikoak eta egin behar ez diren kobrantzak.

 

  • Foru Ogasunak gaian aditu diren informatikariak behar ditu.