Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2024/10 Nafarroako Kontseiluaren Kontuak (2023) (Kontuen Ganberak Nafarroako Kontseiluaren kontuak aztertu ditu
Kontuen Ganberak Nafarroako Kontseiluari buruzko txostena kaleratu du. Txostenak 2023ko kontuak eta erakundearen finantza jardueraren legezkotasuna aztertzen ditu.
Nafarroako Kontseilua gure lurraldeko aholku-emaile gorena da. Bost kidek osatzen dute. Legeak dioenez, denak Parlamentuak proposatuta aukeratzen dira, gutxienez hamabost urteko ibilbide profesionala egina duten ospe handiko legelarien artean. Zortzi urtez aritzen dira karguan, eta ez dute berriro izendatuak izateko aukerarik. Kontseiluko bost kideetatik hiruk hamar urte baino gehiago daramate karguan. Beraz, kontseilukide berriak aukeratu behar dira. Martxan dago aukeraketa egiteko prozedura.
Estatuko beste antzeko erakundeetako kideak profesionalak badira ere, Nafarroan bestelako eredu baten aldeko apustua egin zen. Kontseiluko kideek ez dute soldatarik kobratzen, ordain-sariak baizik: bileretara joateagatik eta txostenak egiteagatik.
Erakundeak bi langile ditu: legelaria eta presidentearen idazkaria. Txostenak legelari lanpostua deialdi publikora ateratzeko eskatzen du. Izan ere, Kontseilua martxan jarri zenetik Administrazioko legelari bat betetzen ari da zerbitzu-eginkizunetan.
Nafarroako Kontseiluak, iaz, 291.000 euro gastatu zuen: 162.000 euro langilerian eta 129.000 euro ohiko ondasun eta zerbitzuetan. Kontseiluko kideen ordain-sariak kapitulu horretan daude sarturik. Iaz, 86.000 euro ordaindu zitzaizkien txosten juridikoengatik eta 18.000 asistentzia-dietengatik. Txostenak dioenez, gastu horiek langileriaren kapituluan sartu beharko lirateke.
Kontseiluaren kontuek ongi islatzen dituzte ondasun-egoera, aurrekontu kitapena eta finantza-egoera. Legezkotasunari dagokionez, erakundearen ekonomia jarduera legediaren araberakoa da.
Nafarroako Kontseiluak 39 txosten egin zituen iaz. Bat udal batek eskatua; beste guztien eskaria Gobernuko departamentuek egin zuten. Txosten gehienak bi gairi buruzkoak dira: arautegi-proiektuak eta 300.000 eurotik gorako ondare-erantzukizunaren erreklamazioak.