Skip to main content

2025/04 Nafarroako Kontseiluaren urteko kontuak, 2024

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Nafarroako Kontseiluari buruzko txostena argitaratu du. Txostenak 2024ko kontuak eta erakundearen finantza jardueraren legezkotasuna aztertu ditu.

Nafarroako Kontseilua gure lurraldeko aholku-emaile gorena da. Bost kidek osatzen dute. Legeak dioenez, denak Parlamentuak proposatuta aukeratzen dira, gutxienez hamabost urteko ibilbide profesionala egina duten ospe handiko legelarien artean. Zortzi urtez aritzen dira karguan, eta ez dute berriro izendatuak izateko aukerarik. Kontseiluko bost kideetatik hiruk hamar urte baino gehiago daramate karguan. Beraz, kontseilukide berriak aukeratu behar dira. Martxan dago aukeraketa egiteko prozedura.

Estatuko beste antzeko erakundeetako kideak profesionalak badira ere, Nafarroan bestelako eredu baten aldeko apustua egin zen. Kontseiluko kideek ez dute soldatarik kobratzen, ordain-sariak baizik: bileretara joateagatik eta txostenak egiteagatik.

Erakundeak bi langile ditu: Nafarroako Gobernuko legelari bat (Zerbitzu-betekizunean) eta presidentearen idazkaria. Aurtengo otsailean, Gobernuak Kontseiluaren arautegia aldatu du legelari nagusia izendatu ahal izateko. Kasu horretan, izendapen libreko zuzendaritza-lanpostua litzateke.

Nafarroako Kontseiluak, iaz, 297.000 euro gastatu zuen: 166.000 euro langilerian eta 120.000 euro ohiko ondasun eta zerbitzuetan. Kontseiluko kideen ordain-sariak kapitulu horretan daude sarturik. Iaz, 64.000 euro ordaindu zitzaizkien txosten juridikoengatik eta 17.000 asistentzia-dietengatik. Txostenak dioenez, gastu horiek langileriaren kapituluan sartu beharko lirateke. Iaz, Nafarroako Kontseiluak 29 txosten egin zituen.

Inbertsioei dagokienez, iaz 10.000 gastatu ziren, altzari eta ordenagailutan.

Kontseiluaren kontuek ongi islatzen dituzte ondasun-egoera, aurrekontu kitapena eta finantza-egoera. Legezkotasunari dagokionez, erakundearen ekonomia jarduera legediaren araberakoa da.