Skip to main content

2021/14 Nafarroako kontu orokorrak, 2020

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2021/14 Nafarroako kontu orokorrak, 2020 (
4050 KB
)

Kontuen Ganberak Nafarroako kontu orokorrei buruzko txostena kaleratu du. Bertan, Foru Administrazioaren 2020ko finantza egoera islatzen da.

Iaz, Nafarroako Gobernuak 4.600 milioi gastatu zituen. Diru-sarrerak 4.700 eurokoak izan ziren. Aurreko urteko datuekin alderatuz, gastuak %4 igo ziren (191 milioi) eta diru-sarrerak, berriz, %7 (315 milioi). Gastuaren igoera zorraren bidez heldu da, Gobernua zorpetu delako. Izan ere, zerga bidezko diru-sarrerak %7 jaitsi dira. Hori guztia Covid-19aren ondorioa da.


Gastu nagusia transferentzia arruntak dira: 1.700 milioi; bigarrena, langileria, 1.500 milioi; eta hirugarrena, ondasun eta zerbitzuen gastua, 738 milioi. Inbertsioek oso maila apalean segitzen dute: 142 milioi.


Gastuaren helburuari erreparatzen bazaio, osasunak %27 hartzen du (1.200 milioi). Hezkuntzan %17 gastatzen da (770 milioi) eta Estatuari egiten zaion ekarpena %12 da (550 milioi). 


Covid-19aren pandemiaren ondorioz, zenbait arlotan handitu egin da gastua. Osasunbidean 100 milioi baino gehiago, Hezkuntzan 60 milioi eta gizarte zerbitzuetan 40 milioi.


Langileriari dagokionez, iazko amaieran 32.000 lagun ari ziren lanean Foru Administrazioan. Horietatik 17.000 kontratatuak dira. Kontratazio maila, beraz, %54 da, “gehiegizkoa eta kezkagarria”, txostenaren arabera. Kontuan hartzekoa da, gainera, Osasunbidean portzentajea are handiagoa dela: %64. Honetan ere, pandemiak zer ikusia izan du, kontratazioak gora egin baitu, Osasunbidean bereziki.


Foru Administrazioko langileriaren zahartzea ere aipatzen da. Langileriaren %53 50 urtetik gorakoa da.


Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergekin 1.900 milioi lortu ziren. Zeharkakoen bidez, berriz, 1.730 milioi. Finantza pasiboak edo zorpetzetik harturiko dirua da hirugarren diru-sarrera nagusia, 648 milioirekin.


Iazko kontuek ongi islatzen dute ondasun eta finantza egoera, eta baita aurrekontu emaitza ere. Badira salbuespen batzuk, horietako bat Kontabilitate Plan Orokorra ez dela bere osotasunean betetzen. Zergen kobrantza kontrolatzen duen sistema informatikoaren eta kontabilitatearen arteko lotura ere ez da behar bezalakoa.
Legezkotasunaz ere, aldekoa da iritzia, Foru Administrazioaren kudeaketa indarrean dagoen legediaren araberakoa baita. Dena den, hor ere bada salbuespenik: epea amaitua duten kontratuek sorturiko 200 milioiko gastua.


Kontuen bilakaera ona, etenda


2016tik Foru Administrazioaren kontuen bilakaera ona zen. Ordutik, aurrekontu emaitzak positiboak izan dira eta zorra gutxitu egin da. Pandemiaren ondorioz, ordea, amaitu egin da azken urteotako martxa ona.


Krisiak zergen bidezko diru-sarrerak gutxitu egin ditu, eta gastuak handitu. Horren ondorioz, adierazle gehienek txarrera egin dute. Urteko aurrekontu emaitza ez finantzarioa (zorretik datozen diru-sarrerak kontuan hartu gabe) negatiboa da 203 milioitan. 2029an positiboa izan zen 150 milioitan. Azken urteotan gutxitzen ari zen zorra ere 350 milioitan handitu da, 3.310 milioiraino helduz.


Zorraz ari garela, ezin ahantzi horretan eragiten duten bi kontu. Amortizazio egutegia, batetik, eta interes tipoak, bestetik. Amortizazio egutegiari dagokionez, zorraren erdia baino gehiago 2027rako kitatu behar da. Interes tipoa ere funtsezkoa da, zamaren pisua baldintzatu egiten duelako. Nafarroako zor publikoaren kalifikazioa ere aipatzen da. Agentzia batek goreneko kalifikazioa eman dio, Foru Administrazioa fidagarria den seinale.


Txostenak 16 enpresa publikoen egoera ere aipatzen du. Hor ere nabarmena da krisiaren eragina, kontuek okerrera egin baitute. 2019an 7 milioiko etekina lortu zuten. Iaz, berriz, 8 milioiko galera. Dena den, zorra %11 gutxitu da, 58 milioiraino. Sozietate publikoen negozioaren %36 Foru Administrazioaren menpe dago.
Kontuen Ganberak gomendio batzuk eskaintzen ditu Foru Administrazioaren kudeaketa hobetzeko. Horien artean, Nafarroako kontabilitate publikoaren plan orokorra ahalik eta azkarren onar dadila. Bestela, Estatuarena bere osotasunean aplikatu beharko litzateke.