Skip to main content

ASOCEX

2023/15 Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetako kontabilitateak

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Parlamenturako azken hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdi eta koalizioen kontuak aztertu ditu. Txostena nahitaezkoa da indar politikoek dagozkien diru-laguntzak jaso ditzaten. Behin argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuak ordainketa eginen die ordezkaritza lortu duten alderdi eta koalizioei.

Gogoratzekoa da maiatzaren 28an udal hauteskundeak ere egin zirela. Horren kontrola, eta alderdi eta koalizioen kontuena, Kontu Epaitegiari dagokio.

Txostenaren helburua da alderdi eta koalizioen hauteskunde kontuak aztertzea; eginiko gastuak arauak finkatukoen artean daudela; eta legeak markaturiko gehieneko gastua errespetatu egin dela. Parlamenturako hauteskunde-kanpainaren gastu-muga 490.638 euro zen.

14.206 euro eserleku bakoitzeko

Parlamentuan ordezkaritza lortu duten indar politikoek 14.206 euro jasotzen dute parlamentari bakoitzeko eta 1,13 euro boto bakoitzeko. Horrez gain,  hauteskunde-propaganda gutun-azal eta boto-txartelak bidaltzea ere diruz-lagunduta dago, beti ere gastua egiaztatzen bada. Kasu horretan, boto-emaile bakoitzeko 0,29 euro ordaintzen da.

Nafarroako Gobernuak bi aurrerakin egin dizkie alderdiei: aurreko hauteskundeetan jasotakoaren %30, batetik; eta behin hauteskundeak egin ondotik, emaitzen arabera jaso beharrekoaren %45.

Txostenaren konklusio nagusia da alderdi eta koalizioek aurkeztu duten kontabilitatea egokia dela, eta gastu eta diru-sarrera muga errespetatzen duela. Beraz, Kontuen Ganberak baimena eman dio Gobernuari alderdiek jaso beharreko zenbateko osoa ordaintzeko.

Txostenak alderdi eta koalizio bakoitzak jasoko duen zenbatekoa zehazten du. UPNk 418.000 euro jasoko ditu, PSN-PSOEk 311.000, EH Bilduk 323.000, Geroa Baik 242.000, PPk 50.000, Contigo-Zurekin-ek 198.000 eta Voxek 52.000.

  • Parlamenturako hauteskunde kanpainaren gastu muga 490.638 euro zen.
  • Kontuen Ganberak argi berdea eman dio diru-laguntzen ordainketari.