Skip to main content

2026/01 Nafarroako Toki Administrazioa, 2023

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2026/01 Nafarroako Toki Administrazioa, 2023 (
3.728 KB
)

Kontuen Ganberak tokiko sektore publikoari buruzko txostena argitaratu du. Bertan, udal eta gainerako toki erakundeen antolaketaren berri ematen da, bai eta 2003ko abenduaren 31ko finantza egoerari buruzko iritzia ere. Txostenak udalen finantza egoera ona azpimarratzen du.

Nafarroan 701 udal erakunde daude: 272 udalerri, 345 kontzeju, 62 mankomunitate eta 22 udalerri elkarte.

Kontuen Ganberak aspaldiko oharpena nabarmentzen du: oraingo udal mapa aldatu behar dela. Izan ere, udalerri gehienak txikiak dira eta, beraz, administrazio baliabide gutxi dituzte. Toki erakundeak batuko lituzkeen udal mapa berriak kudeaketa eraginkorragoa eta zerbitzuen kalitate handiagoa bermatuko luke.

Txostenak Nafarroako toki administrazioaren erreformarako 2019ko legea ere aipatzen du. Legeak udalerriak eskualdeka batu eta finantzaketa sistema berria aurreikusi zituen. Bi helburuetatik bakarra bete da: finantzaketa sistema berria. Udal mapa aldatzeko pausurik ez da egin.

Hona hemen tokiko erakundeen 2023ko datu ekonomiko nagusiak: 1.194 milioi bildu zituzten: %46 transferentzien bidez, %44 zergen bitartez. Gastuak 1.116 milioi izan ziren: %79 funtzionamendu gastuak dira, batez ere ondasun arruntak eta zerbitzuak, eta langileria (%36na).

Aurreko urteko datuekin alderatuz, diru-sarrerak eta gastuak %5 handitu ziren. Diru-sarreren igoera transferentziei esker izan zen. Izan ere, toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsa 30 miliotan handitu zen. Gastuen igoera langileriak sorrarazi du, 43 milioi gehiago gastatu baitira soldatetan.

Aurrezkiak gora, zorrak behera

Txostenak tokiko sektorearen finantza-egoera ona azpimarratzen du. Hori islatzen duten hiru datu aipatzen ditu: aurrezki garbia (Funtzionamendu gastuak eta finantza zama ordaindu ondorengo emaitza) %9 handitu eta 130 milioiraino heldu zen. Zor biziak ere bilakaera ona izan zuen. 100 milioikoa da, %15 gutxitu eta gero. Eta gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina %7 handitu eta 400 milioiraino heldu zen.

Txostenak kontratazio publikoari buruzko datu batzuk ere ematen ditu. 2023an, toki erakundeek 729 kontratu esleitu zituzten, 650 milioiko kostuarekin. Obra eta zerbitzuen kontratuak dira nagusiak, %50 eta %37 hurrenez hurren. Kontratuen %69 prozedura irekien bidez egin ziren, konkurrentzia bermatuz.

Txostenaren amaieran gomendio batzuk aipatzen dira tokiko sektorearen kudeaketa hobetzeko. Batetik, toki administrazioaren erreformarako neurriak har daitezela; barne kontrolaren arautegia onar dadila; eta tokiko erakundeen kontabilitatea onartu eta kontabilitate publikoaren plan orokorrera egokitu dadila.