Skip to main content

ASOCEX

2015/11 Nafarroako toki sektorea (2013)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2015/11 Nafarroako toki sektorea (2013) ()
Kontuen Ganberak Nafarroako toki sektoreari buruzko txostena argitaratu du. Bertan, ohi denez, udal eta gainerako toki entitateen egoerari buruzko ikuspegi orokorra eskaintzen du.

Txostenak dioenez, Nafarroan 703 toki erakunde zeuden iazko urtarrilean: 272 udal, 348 kontzeju, 65 mankomunitate eta 18 udal elkarte. Beste 141 udal erakunde daude, udalek-eta sortuak: 66 erakunde autonomo, 50 enpresa, 17 partzuergo eta 9 fundazio.

Biztanleria kontuan hartuz, Nafarroako udalak oso txikiak dira: %70 mila biztanletik beherakoa da. Iruñerriak biltzen du biztanleriaren zati nagusia: %55, hain zuen, eta Iruñean nafar guztien %30 bizi da.

Txostenak dioenez, toki erakundeen tamaina txikiak badu eraginik kudeaketan. Izan ere, udal erakunde gehienek oso bitarteko eskasak dituzte zerbitzuak behar bezala kudeatzeko.

Nafarroako Gobernuak zein Parlamentuak ekimen legegile batzuk bultzatu dituzte egoera aldatzeko. Momentuz, ordea, ez dute fruiturik eman.

Toki sektorearen finantza egoera ona

Txostenak Nafarroako toki sektorearen finantza egoera ona azpimarratzen du, krisiari ongi eutsi diolako. 2013an, 720 milioi gastatu eta 737 milioi bildu zituen. Aurrekontu superabita lortzeaz gain, diruzaintzan ere bazegoen dirurik: 139 milioi, gastu orokorretarako.

Nafarroako udalek, oro har, aurrekontu egonkortasunerako legea bete egin dute, eskaturiko bi baldintzak gainditu dituztelako: finantziazio-ahalmena eta diru-sarreren %100 baino gutxiagoko zor maila. Alde horretatik, Nafarroako udalek 30 milioiko finantziazio ahalmena dute, eta zorra diru-sarreren %55 da.

2013ko udal eta kontzejuen gastuak %3 gutxitu ziren aurreko urtekoekin alderatuta. Langileriarenak eta ohiko ondasunen erosketak dira nagusiak: %71. Inbertsioek %12 egin zuten.

Diru-sarrerei dagokienez, %6 murriztu ziren. Zergen bidezkoak eta transferentziak dira diru-sail nagusiak: %47 eta %40, hurrenez hurren.

Txostenak nafar toki sektorea hobetzeko gomendio batzuk ematen ditu. Funtsezkoena, azken urteetan behin berriro errepikatua: udal mapa alda dadila, zerbitzuen kalitate eta eraginkortasuna hobea izan dadin. Udalen kontabilitatea aldatzea ere proposatzen da, kontabilitatearen plan orokorrera egokitzeko. Azkenik, udal zerbitzuen kostua ezagutzeko neurriak hartzea ere komenigarritzat jotzen da.