Skip to main content

2023/18 Nafarroako Unibertsitate Publikoaren urteko kontuak (2022)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Unibertsitate Publikoari buruzko txostena argitaratu du. Txostenak iazko kontuak, finantza egoera, legezkotasuna eta aurreko txostenetan eginiko gomendioen jarraipena aztertu ditu.

Iaz, NUPk 107 milioi gastatu eta 117 bildu zituen. Langilerian gastatzen da diru gehien: 77 milioi. Ondasun eta zerbitzuen gastua 17,5 milioikoa da, eta inbertsioetan 9 milioi gastatu ziren.

Diru-sarrerei dagokienez, transferentzien bidez 100 milioi jaso zituen. Tasa eta prezio publikoen bidez, berriz, 16,6 milioi. Azken kapitulu horretan daude ikasleek ordaintzen duten matrikula.

Gobernuaren diru-ekarpena eta Next Generation funtsak

Diru-sarreren %66 Nafarroako Gobernuaren transferentziak dira, urte anitzeko finantzaketa-planaren ondorioz. Iaz, Gobernuak 77 milioiko diru-ekarpena egin zion NUPri. 2018tik ekarpena %34 handitu da.

NUPk Europar Batasunatik ere diru-laguntzak jaso ditu, Covid-19aren inpaktua arintzeko. 2021ean eta 2022an, 10,6 milioi jaso zituen Next Generation funtsetatik. Horietatik bi milioi besterik ez ditu gastatu. Diru-ekarpenaren zati nagusia ikerkuntzara bideratu da.

Azken urteotan, NUParen finantza egoeraren bilakaera ona izan da. Aurrekontu saldo ez finantzarioa (ohiko diru-sarreren eta gastuen arteko aldea) 1,2 milioitik 10,6 milioira handitu da. Aurrezki garbia ere nabarmen hobetu da: 6,2 milioitik 11,2 milioira.

Badira beste pare bat datu, NPRen finantza egoera onaren adierazle: diru- zaintzako gerakina (3 milioi) eta diru-zaintzako saldoa (37 milioi). Europar Batasunetik jasotako diru-ekarpenak zer ikusi handia izan du bi adierazleotan.

Kontuen Ganberak dioenez, NUPren kontuek ongi islatzen dute ondasunaren irudia eta haren finantza egoera. Legezkotasunaz ere aldeko iritzia eman du txostenak, NPUren kudeaketa ekonomikoa legearen arabera egiten delako.

9.200 ikasle eta 1.940 langile

Iazko amaieran, NUPk 9.218 ikasle zituen. Horietatik, 7.826 graduko ikasketak egiten ari ziren. Master-ikasleak 900 dira, eta doktoradutza-ikasleak 500. Azken lau urteotan, NPUeko ikasleriak gora egin du. Mila ikasle gehiago ditu 2018an baino.

NUPko langileak 1.940 dira. Irakasle-ikerlariak 1.150 dira, Administrazio eta zerbitzuetan 500 daude eta ikerlari kontratatuak 285 dira.

Administrazio eta zerbitzuetako langilerian behin-behinekotasun maila handia dago: %46. Irakaslerian askoz murritzagoa da: %9.

Txostenak, azkenik, NUPk Kontuen Ganberaren gomendioak betetzeko eginiko ahalmena aipatzen du, azken urteotako gehienak bete egin dituelako.