Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2022/01 Nafarroako zirkuitoaren errentamendua (2014-2019) (Kontuen Ganberak Nafarroako Zirkuitoaren errentamenduari buruzko txostena argitaratu du. Fiskalizazioa Parlamentuak eskatu zuen, EH Bildu taldeak bultzatuta.
Erakundeak gaiaz egiten duen bigarren txostena da. 2010ean egin zuen lehenbizikoan kritiko izan zen Gobernuak SPRIN sozietate publikoaren bidez egin zuen operazioarekin. Izan ere, Gobernua enpresari batek bultzatutako proiektuan sartu zen, arrazoia inolako dokumentutan oinarritu gabe. Proiektua bera ez zegoen ongi zehaztua, eta horren froga da azpiegituraren tamaina aldatzen joan zela.
Kontua da, azkenean, Nafarroako Zirkuitoa 2010ean zabaldu zela. Kostua 55 milioi izan zen. Kudeaketa Circuito de Los Arcos sozietate publikoaren esku gelditu zen. 2011n Navarra Deporte y Ocio bihurtu zen. Gaur egun, zirkuitoa NICDO sozietate publikoarena da.
2013ra arte, zirkuitoaren kudeaketak 5 milioiko defizita sortu zuen. Hori ikusita, sozietate publikoak kudeaketa enpresa baten esku uztea erabaki zuen. 2014ko otsailean egin zuen. Los Arcos Motosport enpresak hartu zuen zirkuitoa lau urtez kudeatzeko ardura.
Lehen urteko errenta 150.000 euroan finkatu zen, 250.000 euroan bigarrena eta 300.000 euroan beste biak. Kontratuaren betetzea kontrolatzeko bi batzorde sortu ziren, NICDOko eta errentamendua hartua zuen enpresako kideek osatuak. Batzordearen jarraipenean kontratuaren ez betetzeak atzeman ziren, bereziki mantentze lanetan.
2018an, kontratua amaitzear zegoela, bi aldeek urte betez luzatzea erabaki zuten. 2019an enpresa berari eman zitzaion zirkuitoa kudeatzeko ardura, beste lau urtez. Kontratuak milioi erdiko funts propioak eskatzen zizkion enpresari. 2019ko azaroan, enpresak kontratua bertan behera uztea erabaki zuen, eskakizuna betetzerik ez zuela argudiatuz. Sozietate publikoak onartu egin zuen eskaera.
Enpresak ez zituen bete beharreko guztiak bete, ez ordainketetan eta ezta mantentze lanetan ere. Horren ondorioz, sozietate publikoak enpresak utzitako abaletik 720.000 euro berreskuratu zituen.
2020tik, NICDOk kudeatzen du zirkuitoa. Urte hartako gastuak 2,4 milioikoak izan ziren. Diru-sarrerak, berriz, 680.000 euro. 9 lagun ari dira lanean. Begi bistakoa da pandemiak kalte egin diola zirkuitoaren emaitza ekonomikoari.
Txostenaren konklusioa da NICDOk ongi kudeatu duela Zirkuitoaren errentamendua. Interes publikoa defendatu egin du, batez ere jarraipen eta kontrol batzordeen bidez; enpresak ordaindu ez duena berreskuratzeko abalaz baliatu da; eta azpiegitura martxan segitzea bermatu du.
Txostenak bi gomendio azpimarratzen ditu. Batetik, zirkuitoaren ohiko erritmoa berreskuratzean kudeaketa ereduaz gogoeta egin behar dela, egokiena zein den aztertzeko. Bestetik, Kontuen Ganberak askotan errandakoa gogoratzen du: holako inbertsioak egin aurretik azterketa sakon eta serioak behar direla.