Skip to main content

ASOCEX

2015/03 Orkoiengo Udala (2013)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2015/03 Orkoiengo Udala (2013) ()
Kontuen Ganberak Orkoiengo Udalari buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, Bildu-Nafarroa taldeak eginiko eskariaren ondorioz. 2013ko kontuak aztertzeaz gain, azken urteotako bilakaera ere aztertu da.

Orkoiengo udalak Iturgain hirigintza sozietatea du. 1998an sortu zen, etxebizitzak bultzatzeko. Gaur egun, ordea, alokairuan dituen etxebizitza batzuk kudeatu besterik ez du egiten.

Orkoiengo Udalak 3,5 milioi gastatu zuen duela bi urte, eta 3,3 bildu. Gastu nagusiak honakoak dira: ohiko ondasun eta zerbitzuen erosketa (1,4 milioi) eta langileria (1,3 milioi). Inbertsioetan milioi erdia gastatu zen.

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergen bidez 1,4 milioi lortu ziren, eta ohiko transferentziekin milioi bat. Tasa eta prezio publikoek milioi erdia egin zuten.

Udalaren kontuak ikusita, Kontuen Ganberak ontzat ematen du likidazioa, jarduera ekonomikoa ongi islatzen duelako. Salbuespen bakarra ondasun zerrenda da, gaurkotu gabe baitago. Legezkotasunari dagokionez, iritzia ere aldekoa da udalak indarrean dagoen legedia bete egiten duelako.

Orkoiengo Udalaren azken urteotako kontuetan argi ikusten da krisiaren aztarna. Honakoa da adibide nabarmenena: 2010eko gastuak 8 milioikoak izan ziren, eta duela bi urte 3,5 milioikoak. Deigarriena inbertsioen jaitsiera da: 5 milioitik milioi erdira.

Orkoiengo Udalaren finantza egoera ona da, epe luzeko zorrik ez duelako eta, beraz, finantza zamarik ere ez.

Iturgain sozietateari dagokionez, kontuek ongi islatzen dute ekonomia jarduera. Dena den, lanean ari zen langile bakarrari kontratua desegiteko modua zalantzan jartzen da. Izan ere, sozietateko kontseiluak enpresan zereginik ez zegoela argudiatuta erabaki zuen kontratua bertan behera uztea. Sozietateko presidenteak, ordea, diziplina arazoak argudiatu zituen. Horren ondorioz, kaleratzea "bidegabe"tzat hartu zen, eta ordaindu beharreko kalte-ordainaren zenbatekoa handiagoa izan zen.