Skip to main content

2023/16 Osasunbideko itxaron-zerrenden kudeaketa egokia al da? (2018-2022)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideko itxaron-zerrenden kudeaketari buruzko txostena argitaratu du. Azken bost urteotako zerrenden bilakaera eta kudeaketa aztertu ditu. Jakina denez, itxaron zerrendena osasun sistemaren arazo korapilatsu eta orokortua da. Osasun kudeaketaren gaur egungo erronka nagusia dela esan daiteke.

Txostenak itxaron-zerrenden bilakaera eta kudeaketa aztertzeaz gain, beste bi konturi erreparatu die: itxaron-zerrendak gutxitzeko neurriak eta zerrenden kudeaketarako erabiltzen den informazio sistema.

Azken bost urteotan, itxaron-zerrendak %29 handitu dira. Iazko amaieran, 240.000 erregistro zeuden. Zenbateko hori ez dagokio paziente kopuruari, paziente asko itxaron zerrenda bat baino gehiagotan daudelako.

240.000 erregistro horietatik, %64 berrikuspen kontsultak dira, %25 lehen kontsultak, %8 diagnostikoak eta %3 ebakuntzak.

Aipatzekoa da lehen kontsulten itxaron zerrendaren igoera: 2018an 33.000 erregistro zeuden; 2022ko amaieran, berriz, ia 60.000. Berrikuspen kontsulten itxaron zerrenda ere handitu egin da, baina ez hainbeste: 136.000tik 156.000ra. Diagnostiko probak 12.000tik 18.000ra igo dira. Ebakuntzei dagokienez, itxaron-zerrendak ez dira handitu. 2022ko amaieran, 8.200 erregistro zeuden.

Itxaron-zerrenden igoera zerk eragin du? Galerari horri erantzunez, txostenak bi arrazoi aipatzen ditu: populazioaren zahartzea eta Covid-19ak sorturiko arazoak. Zahartzeari dagokionez, 2010etik 64 urtetik gorakoen kopurua %7 handitu da Nafarroan.

21 milioi itxaron zerrendak gutxitzeko

Azken bost urteotan, Osasunbideak 21,3 milioi gastatu du itxaron zerrendak gutxitzeko. Horietatik, %39 langileriaren kontratazioan (8,5 milioi 700 kontratutan); %31 aparteko orduetan (500 profesionalek jasota); eta gainerako %30 Clínica Universidad de Navarra eginiko deribazioetan gastatu da. Osasun zentro horretara deribatutako lanak hauxek dira: 3.700 kontsulta (655.000 euro); 12.000 diagnostiko probak 1,4 milioi); eta 2.730 ebakuntza (4,4 milioi).

Itxaron zerrenden kudeaketa funtsezkoa da arreta unitateen lana. Bertan ari diren 190 profesionalek kontsulta eta probetarako zitak ematen dituzte. Taldeak lan zama handia dauka, zerrendak kudeatzeko prozedura ez betetzeak baldintzatua: espezialisten agendak berandu zabaltzen dira eta osasun zerbitzuek aldaketa asko eskatzen dituzte, medikuek lan txanda aldatu edo lanera huts egiten dutelako. Bestalde, pazienteei deitzeko irizpideetan alde handia dago mediku zerbitzu batetik bestera.

Txostenak zerrenden kudeaketan dauden akats batzuk aipatzen ditu. Horietako bat, pazienteei deitzean antzinatasun eta lehentasun printzipioak betetzen ez direnetan, informazio sistemak ez duela horren arrazoia jasotzen. Beraz, Kontuen Ganberak ezin du egiaztatu printzipio horiek bermaturik daudela.

35.000 kexa

Osasunbidea ez da pazienteak artatzeko epeak betetzen ari, batez ere kontsultetan. Horren ondorioa da kexa kopuru handia. Iaz, Osasunbideak 35.000 kexa baino gehiago jaso zituen. Horietatik, %51 berrikuspen kontsultei dagokie; %9 diagnostiko probei eta %5 ebakuntzei.

Nafarroan hiru osasun eremu daude: Iruñea, Lizarra eta Tutera. Osasun arretaren atzerapena ezberdina da eremuen arabera. Berdintasun printzipioa hobeki bermatzeak eremuen arteko koordinazio handiagoa eskatuko luke.

Txostenak gomendio batzuk ematen ditu ditu itxaron zerrenden kudeaketa hobetzeko. Hasteko, zerrenden handitzearen atzean dauden arrazoiak ongi aztertu behar direla, ondoren dauden baliabideak kontuan hartuz planifikazio eta kudeaketa hobetzeko. Hiru osasun eremuen arteko koordinazioa bultzatzeko ere eskatzen du, baliabideak modu integratuan kudeatzeko. Horren helburua da eremu eta espezialitateetan dagoen itxaron denboraren arteko aldea gutxitzea. Bestalde, antzinatasun eta lehentasun printzipioak betetzen ez direnean, informazio sistemak horren arrazoia jasota utzi beharko luke.

Kontuen Ganberaren ustez, beharrezkoa da gaixotasunen prebentzio eta ohitura osasungarriak bultzatzea, osasun arreta gutxitzeko gakoak direlakoan. Osasunbideko langileriari presentzia- kontrola paratzea ere egoki ikusiko luke. Izan ere, ordainsari aldakorrak garrantzi handikoak dira, eta presentzia horri daude loturik. Azkenik, lehen mailako arretan eta arreta espezializatuan irizpide berdinak erabili beharko lirateke, pazienteak espezialitate eta agenda egokienetara bidaltzeko.

• Azken bost urteotan, itxaron zerrendak %29 igo dira.

• %64 berrikuspen kontsultak dira, eta %25 lehen kontsulta.

• Txostenak Iruñea, Lizarra eta Tuterako osasun eremuen arteko koordinazioa handitzea eskatzen du, baliabideak modu integratuan kudeatzeko.