Skip to main content

ASOCEX

2015/06 Reyno de Navarra Arena Kiroldegia

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2015/06 Reyno de Navarra Arena Kiroldegia ()
Nafarroako Kontuen Ganberak Reyno de Navarra Arena kiroldegiari buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, Ezker taldearen eskariari erantzunez. Azterketaren helburua da, batetik, inbertsioak orain arte eragin duen gastua eta gastatzeko falta dena zehaztea, eta aurrekontuaren eta kostuaren aldea aztertzea.

Txostenak gogoratzen duenez, kiroldegia egiteko hirigintza planaren aldaketa Osasunak bultzatu zuten, klubak dituen lur-sailetan. Horren bitartez, Iruñeko Udalak lur-sail bat eskuratu zuen, eta ondoren Gobernuari eman zion kiroldegia egiteko.

2008ko apirilean Gobernuak proposamen zehatza aurkeztu zuen. Honakoak ziren inbertsioaren ezaugarri nagusiak: erdiko pistan 10.000 ikuslerendako harmaila, 2.500 ikuslerendako frontoi bat, kirol-museoa eta lurpeko aparkalekua. Gobernuak PSNrekin hitzartu zuen Plan Navarra 2012 izenekoan, lehentasunezko inbertsiotzat jo zuten.

Erabili anitzeko instalazioa egitea zen helburua, bertan kirolaz gain bestelako jarduerak antolatzeko asmoz. Obra lanen hasiera 2009ko irailean finkatu zen. Amaiera, berriz, 2011ko lehen hiruhilekorako aurreikusi zen. Hasieran inbertsioaren kudeaketa SPRIN enpresa publikoaren esku utzi bazen ere, azkenean Kirol Institutuak hartu zuen bere gain.

Txostenak dioenez, Kirol Institutuak holako inbertsio baten gaineko azterketa bat egin omen zuen. Dena den, Plan Navarra 2012 izenekoari erantsitako dokumentazioan ez dago kiroldegiaren erabilgarritasunari buruzko azteketarik.

Enpresa batek lan bat egin zion Gobernuari kudeaketa eta negozio eredua zehazteko. Azterketak hiru ekitaldi mota aurreikusi zituen: estatu eta nazioarte mailako kirol ekitaldiak, kontzertu eta ikuskizunak, eta bestelakoak. Kiroldegiaren kudeaketa enpresa publiko edo pribatu baten esku uzteko aholkua eman zuen. Enpresak eginiko planaren arabera, kirol talde batzuek entrenatzeko erabiliko zuten kiroldegia. Horrez gain, urtean 80 ikuskizun antolatzeko aukera zegoen: %45 kirol ekitaldiak, %39 ikuskizunak eta %16 kontzertuak. Kiroldegiaren kontuei dagokienez, bosgarren urterako diru-sarrerak gastuak baino handiagoak izatea aurreikusi zen.

Konklusioak

Kontuen Ganberak dioenez, Nafarroako Gobernuak 54,3 milioi euro gastatu ditu Reyno de Navarra Arena kiroldegian. Inbertsioak hartzen duen lur-sailaren balio katastrala gehitzen bazaio, gastua 55, l7 milioikoa da. Hori da, beraz, orain arteko gastua. Badira oraindik egin gabeko lan batzuk, horien artean federazioen etxea, kirol museoa eta era askotako hornikuntzak. Hori guztia kontuan hartuz, beste 6,2 milioi gastatu behar dira.

Txostenaren beste konklusioetako bat da Kirol Institutuak ongi kontrolatu dituela obra lanak. Izan ere, hasierako aurrekontuaren eta ordaindurikoaren artean ia ez dago alderik.

Momentuz, ez dago obra lanak amaitzeko aurreikuspenik eta, beraz, inork ez daki noiz zabalduko den kiroldegia. 2015eko aurrekontuek obrari loturiko diru-sail bakarra jasotzen dute: 390.000 euro, mantentze-lanetarako.

Gobernuak ez du zehaztu kiroldegia nola kudeatuko duen. Txostenak dioenez, enpresa pribatu batzuekin harremanetan jarri da kiroldegiaren errentagarri bihurtzeko bideak aztertzeko.

Hau dena ikusirik, Kontuen Ganberaren ustez amaitu behar da behin-behineko egoera hau. Gelditzen diren lanak bukatu eta kudeaketaz erabakia hartu beharko litzateke, beti ere inbertsioari errentagarritasun handiena ateratzeko asmoz, ikuspegi sozial eta ekonomikotik. Baina hori egiten ez den bitartean, txostenak mantentze-lanak behar bezala antolatzeko beharra azpimarratzen du. Izan ere, eginiko inbertsioak eta instalazioen ezaugarriak kontuan harturik, funtsezkoa da mantentze-lanak finkatzea.