Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian
2023/19 Sodenak Parquenasa enpresari eginiko finantza-ekarpenak (2001-2023) (Kontuen Ganberak Sodena sozietate publikoak Parquenasa enpresari egin dizkion diru-ekarpenak aztertu ditu. Parquenasa Arguedaseko Senda Viva parkea kudeatzen duen enpresa da. Txostenak EH Bildu talde parlamentarioak eskatu zuen.
Parquenasa 2001eko azaroan sortu zen. Sorreran Sodena sozietate publikoak eta lau kide pribatuk parte hartu zuten: Parque de Atracciones Turismo y Actividades lúdicas internacional S.L. %25), Grupo Corporativo Empresarial de la Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Navarra (%15), Construcciones Sanzol S.A. (%10) eta Grupo La Información S.A. (%5).
Geroztik, akzioen sal-erosketa batzuk egin izan dira, beti ere enpresa taldekideen artean. Kideetan zein partizipazio portzentajean aldaketak izan dira, baina akzio berririk ez da atera. Aldaketa bakarra akzioen balioa da. Izan ere, bitan kapital-gutxitzea egin da, galerak konpentsatzeko. Horren ondorioz, hasierako 9 milioiko kapitala 1,8 milioira jaitsi da.
Hasieratik, diruzaintzako arazoak
Hasieratik, Parquenasak diruzaintzako zailtasunak izan ditu. 2004an, Nafarroako Gobernuak eta Sodenak laguntza finantzarioa eta kudeaketaren kontrola Sodenaren esku uztea erabaki zuten. Izan ere, bankuetan finantzaketa lortzerik ez zegoen; bestetik, kide pribatuek ez zuten diru-ekarpenik egin nahi. Sodenak, beraz, Senda Vivari eusteko apustua egin zuen, “inbertsio estrategiko”a dela argudiatuz.
Horren ondorioz, Administrazio Kontseilua desagertu eta Sodena administrari bakar bihurtu zen.
2004ko amaieran, Sodenaren Administrazio Kontseiluak Parquenasa saldu edo parkearen kudeaketa enpresa pribatu baten esku uztea aztertu zuen. Enpresa batzuekin bilerak egin ondotik, hauxe izan zen konklusioa: parkea ez zen erakargarria. Batetik, galerengatik: bestetik, inguruan ez zegoelako hotel-azpiegitura nahikorik.
2020ko urtarrilean, enpresaren autofinantzatzerako bideragarritasun plana aurkeztu zen. Helburua ez da bete, eta Covid-19aren pandemiak eta 2022ko ekaineko suteak egoera okertu besterik ez dute egin.
Sodenaren kalkuluen arabera, diru-sarrera eta gastuak orekatzeko Senda Vivak 230.000tik 240.000ra arteko bisita kopurua beharko luke. Zenbatekoa urrun dago errealitatetik, gaur egun 180.000 bisitari baititu.
2023: Nicdok Sodenaren azkioak hartzen ditu
Parkea saltzeko aukera gutxi zegoela ikusita, Sodenak bere akzioak Arena kiroldegia eta Baluarte kudeatzen dituen Nicdo sozietate publikoaren esku uztea erabaki zuen. Sal-erosketak aurtengo urtarrilean gauzatu zen. Prezio sinbolikoan egin zen sal-erosketa: euro bat.
Geroztik, Nicdok enpresaren %45 dauka, La Información-ek %25,71, Hiscan Patrimoniok %17,86 et Pronaocio-k %17,86.
Aurten ere, finantzaketa publikorako eredua aldatu da. Maileguak eman beharrean, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza zuzena hobetsi da. Kultura Departamentuak, aurten, 5,8 milioiko diru-laguntza du aurreikusia Parquenasari emateko.
Parquenasa sozietate publiko bihurtu
2005etik, Parquenasak jaso dituen diru-ekarpena guztiak Sodenak eginak dira: 83,4 milioi. Lau milioi kapitalaren %25aren truke ordaindu zituen. 79,3 milioi mailegutan eman ditu.
Aurtengo ekainaren 30ean, Parquenasak 79,4 milioi zor zizkion Sodenari. Mailegu gehienak (72 milioi) hurrengo lau urteotan itzultzekoak dira. Txostenak dioenez, ia ezinezkoa da hori gertatzea.
Kontuen Ganberak Parquenasaren paradoxa azpimarratzen du: enpresa pribatua da, kide publikoa gutxiengoan dagoelako, baina diru-ekarpena egiten duen bakarra kide publikoa da.
Beraz, enpresa pribatuaren izaerari eusteak ez du zentzu handirik. Izan ere, etengabeko eta azpiegiturazko defizit handia du eta ez dago finantzaketa pribatua lortzeko modurik. Horregatik, Kontuen Ganberak Parquenasa enpresa publiko bihurtzea eskatzen du.