Skip to main content

ASOCEX

2014/34 Tasubinsak eta Anfasek jasotako diru-laguntza publikoak (2009-2013)

Argitalpen data
Kontuen Ganberak Tasubinsa enpresak eta Anfas elkarteak azken bost urteotan jasotako diru-laguntzei buruzko txostena argitaratu du. Laguntzak bi tokitatik jaso dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzutik eta Pertsonen Autonomiarako Nafar Agentziatik. Txostena Parlamentuak eskatu zuen, Bildu-Nafarroak bultzatuta.

Tasubinsa sozietate anonimoa da, minusbaliatuak lan-merkatuan sartzeko helburu duena. 1989an sortu zen, Anfasen eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenak bultzaturik. Enpresaren jabeak Anfas eta ONCE itsu elkartearen fundazioa dira.

Tasubinsak enplegu bereziko zentroak kudeatzen ditu, industria eta zerbitzu arloetan ari direnak; bestetik, baditu zentro okupazionalak izenekoak, lan egiteko gai ez direnei zuzenduak. Gaur egun, 1.382 lagun ari dira aipaturiko zentroetan: 782 enplegu bereziko zentroetan eta 600 besteetan. Azken hauetan erabiltzaileen kopurua bere horretan mantendu da azken urteotan. Enplegu bereziko zentroetako langile kopurua, ordea, nabarmen handitu da.

Estatu legediaren arabera, hiru motako laguntza ematen ahal zaie enplegu bereziko zentroei: lanpostuak sortzeagatik, lanpostuen kopurua eusteagatik eta, azkenik, minusbaliatuak autonomo bihurtzen laguntzeagatik.

2009-2013 epean, Nafarroako Gobernuak 44 milioiko laguntza eman dio Tasubinsari, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez. Jasotakoa sozietatearen 2013ko diru-sarreren ehuneko 36 da.

Kontuen Ganberak dioenez, diru-laguntzen ehuneko 13an irregulartasunak daude, laguntza gaizki emanda dagoelako edo aurreikusitako helburuan erabili ez zelako.

Irregulartasunen artean, aipatzekoa da Tasubinsak minusbaliatuen nomina bera bitan aurkeztu zuela, bai Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta baita Pertsonaren Autonomiarako Agentzian ere, soldataren ehuneko 100 gaindituz. Horri esker behar baino 267.000 euro gehiago jaso zuen.

Minusbaliatuekin ari diren profesionalen soldata-orrietan ere irregulartasunak daude. Izan ere, profesional berberen soldata-orria frogagiritzat aurkeztu zituzten bi zentro-moten laguntzetarako: zentro okupazionalen eta laguntza atalen laguntzetarako. Hori dela eta, enpresak 2,7 milioi gehiago kobratu zuen. Eta gainera, zentroetan bete beharreko profesionalen kopurua ez zuen bete, minusbaliatuek laguntzaile gutxiago izan zituztelako.

Hau dena 2013an konpontzen hasi zen. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Pertsonen Autonomiarako Agentzia elkarri datuak eman, eta behar baino gehiago kobraturikoa berreskuratzeko espedienteak martxan jarri ziren.

Irregulartasunen ondorioz, Tasunbinsak 3,2 milioi itzuli behar ditu. Gobernuak 700.000 euro itzularazi dio eta gainerakoa datozen bost urteotan kobratuko du.

Inbertsio proiektuetan ere badira irregulartasun batzuk, 2,6 milioikoak hain zuzen. Kontua da inbertsio-proiektuetan lanpostuak sortzea eskatzen bazen ere, Tasubinsak ez duela hori bete. Horietako batean 204 lanpostu eskatu beharrean, bost besterik ez baitzuen eskatu. Eta beste batean 53 ziren eskatu beharrekoak eta lanpostu bakar bat ere ez zuen eskatu.

Anfasek jasotako laguntzak

Anfasi dagokionez, 1961ean sortu zen, minusbaliatuen egoera hobetzeko. Nafarroan zazpi delegazio eta 3.000 kide ditu.

Nafarroako Gobernuak 6,7 milioi eman dizkio azken bost urteotan. Gutxituen laguntza ez ezik, familiekin ere lan egiten du, eta sentsibilizazio kanpainak ere antolatzen ditu.

Txostenak dioenez, emaniko diru-laguntzak aurreikusitako helburuetarako erabili ziren.

Hau dena ikusita, Kontuen Ganberak bi gomendio nagusi azpimarratzen ditu: Gobernuko departamentuen arteko koordinazio hobetu dadila, bikoizturiko laguntzak eman ez daitezen. Eta, bestalde, lanpostuak sortzea eskatzen zuten proiektuen diru-laguntzen zati bat itzul dadila.

Kontuen Ganberak onartzen du Tasubinsak-eta oso eginkizun garrantzitsua betetzen dutela gizarteko ahulenen alde. Horrexegatik, hain zuzen, kudeaketa legezkoa eta gardenena eskatu behar zaie.

Tasubinsako kudeatzaile berriak egoera hobetzeko gogotsu dabiltzala azpimarratu ondoren, Kontuen Ganberak dei bat egiten dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horrelako diru-laguntzen kontrola hobetu dezan.