Skip to main content

ASOCEX

2022/02 Tracasa Instrumental sozietateari eginiko enkarguez eman ziren gomendioen jarraipena

Argitalpen data

Kontuen Ganberak Foru Administrazioak Tracasa Instrumental sozietate publikoari eginiko enkarguei buruzko txostena egin du. Oraingo fiskalizazioak 2020ko txosten batean eman ziren gomendioen jarraipena egiten du.

Tracasa Instrumental 2016an sortu zen, sozietate publikoa bitan zatitu zelarik. Geroztik, Administrazioaren enkarguez arduratzen da. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren menpe dago. Gainerako jarduera Tracasa Mercadoren esku gelditu zen. Sozietate hori Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak kontrolatzen du.

2018tik 2121era, Gobernuak 73 milioi gastatu ditu Tracasari eginiko enkarguetan. Enkarguak hiru arlokoak dira: ingeniaritza, software eta informazio sistemak. Iaz, 21 milioiko enkarguak egin ziren. 8 milioi Foru Ogasunak gastatu zituen. Gastu horretan dago, beste enkargu batzuen artean, zorraren kudeaketa eta udalei zerga arloan emaniko laguntza. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hiru milioi gastatu zituen: Europako diru-laguntzen kudeaketa eta kontrolean, besteak beste. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak 2,2 gastatu zuen, eta Osasunbideak ere antzeko zenbatekoa.

Tracasa Instrumental-ek bete egin ditu azken txosteneko gomendio gehienak. Langileriaren lan-orduak proiektuei egozteko bidean aurrera egin du; aldez aurretiko kobrantzak erregularizatu dira; eta fakturazioa ere automatizatu egin da, Kontuen Ganberak eskatu bezala.

Gobernuari dagokionez, gomendio gehienak martxan jartzen ari dira. Horietako bat zen informatikari-lanpostuen beharra aztertzea, eta aldez aurretiko ordainketen jarraipen zorrotza egitea. Fakturazioaren kontrola hobetzeko ere eskatu zitzaion. Hori, momentuz, ez da bete.

Azkenik, kontratu legearen aldaketa bat aipatzen da, 2021eko aurrekontu legean sartua. Horren ondorioz, esleipen-egile bakarrak kontrolatzen dituen pertsona juridikoen arteko kontratuak legetik kanpo gelditzen dira. Beraz, Tracasa Instrumental-ek Tracasa Mercado-ri eginiko kontratuak kontratazio publikoaren legetik kanpo geldituko lirateke.

Kontuen Ganberaren ustez, aldaketa hori ez dator bat Europak 2014an kontratazio publikoaz onartu zuen zuzentarauarekin.