Skip to main content

ASOCEX

2002/02 Dirulaguntzak, kobratu gabeko zergak eta Corellako Udalak Arrese Fundazioarekin izaniko bestelako finantza-harremanei buruzko txostena (1998-2001)

Argitalpen data

Nafarroako Kontuen Ganbarak Corellako Udalaren eta Arrese Fundazioaren arteko harremanei buruzko txostena kaleratu du. Txostena Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak eskatu zuen. Gaur kaleraturiko txostena fundazioaz egiten den bigarren lana da. Izan ere, iaz Parlamentuak berak Nafarroako Gobernuak fundazioari emaniko laguntzei buruzko txostena eskatu zuen.

Kontuen Ganbararen txostenak dioenez, Corellako Udalaren eta fundazioaren arteko harremanak hiru zutabetan daude oinarriturik: ordaindu gabeko udal zergak, diru-laguntzak eta lur sail baten sal-erosketa. Azken gaiari dagokionez, Kontuen Ganbarak aitortzen du ondare baten balioa aztertzea zaila dela, eskariak eta eskaintzak finkatzen dutelako eta, askotan, prezioa eta balioa ezberdinak direlako.

Kontuen Ganbarak emaniko datuen arabera, Corellako Udalak 106 milioiko dirutza ordaindu zuen 1998-2000 epean fundazioarekin izaniko harremanagatik. Dirutzaren zati nagusia (100 milioi pezeta) lur-sailaren erosketari dagokio. Gainerakoa dirulaguntzak (4,5 milioi) eta ordaindu gabeko zergak (1,5 milioi pezeta) dira.

Txostenaren arabera, azterturiko epean fundazioak ez zuen hiri kontribuziorik pagatu, ez museoagatik eta ezta fundazioak duen etxeagatik ere. Kontuen Ganbarak dioenez, museoagatik kontribuziorik ez ordaintzea legezkoa bada ere, etxeagatik ordaindu behar da.

Udalak emaniko diru-laguntzak, esan bezala, 4,5 milioi pezetakoak dira eta beraien helburua museoko obren lizentziaren tasa eta eraikuntza zerga pagatzea zen. Txostenak dioenez, laguntza hori fundazioak arautzen dituen legediatik kanpo dago.

Udalaren eta fundazioaren arteko diru-kontuen islari dagokionez, aipatu zergengatiko zorrak eta emaniko laguntzak ez dira udal aurrekontuen kitapenean islatu.

Eta, azkenik, Kontuen Ganbarak bi erakundeen arteko salersoketa aztertu du. Udalak 100 milioiko dirutza ordaindu zion fundazioari lur-sail batengatik. Txostenak dioenez, katastroaren arabera lur-sailaren prezioa 1,4 milioikoa da eta udal arkitektoak eginiko txostenak 65 milioitan finkatu zuen. Kontuen Ganbarak Ondare Agentziara jo zuen horren gaineko balorazioa egin zezan, eta agentziak berak iznedaturiko tekniko batek 218 milioitan finkatu zuen prezioa. Beraz, Kontuen Ganbararen ustetan Udalak ordainduriko prezioa onargarria da.