Skip to main content

ASOCEX

2002/16 Burlatako Udala (2001)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2002/16 Burlatako Udala (2001) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Burlatako Udalari buruzko fiskalizazio txostena argitaratu du. Txostenak honako gai hauek aztertzen ditu: aurrekontu-kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta Udalaren ekonomia egoera.

Txostenak emaniko datuen arabera, Burlatako Udalak 2.264 milioi pezeta gastatu zituen iaz. Dirusarrerak, berriz, 2.432 milioikoak izan ziren. Gastuetan handienak langileen soldatak dira: 1.008 milioi pezeta. Inbertsioetan Udalak 560 milioi pezeta gastatu zituen eta ohiko ondare eta zerbitzuetan gastaturiko dirutza 280 milioikoa izan zen.

Dirusarrerei dagokienez, diru-sail garrantzitsuena transferentziak dira. Izan ere, Nafarroako Gobernutik jasotako dirutza 900 milioikoa izan zen eta zuzeneko zergen bitartez lorturikoa 371 milioi pezeta.

Kontuen Ganbarak dioenez, aurrekontu kitapenak ongi islatzen ditu urteko jarduera ekonomikoa eta aurrekontu egoera. Dena den, aurrekontuaz txostenak gomendio bat nabarmentzen du: udalak urte hasi aurretik onar dezala urteko aurrekontua. Izan ere, iazko aurrekontua aurtengo abuztuan onartu zuen eta berdin gertatu zen orain dela bi urte. Aurrekontua kudeaketarako balioko badu, urtea hasi aurretik onartu behar dela azpimarratzen du txostenak.

Egoera balantzeak ere ongi islatzen du Udalaren finantza egoera, baina bada salbuespena bat, ondasun zerrendari dagokiona: aipaturiko zerrenda 1995ekoa da eta, beraz, gaurkotu egin behar da.

Kontuen Ganbararen aburuz Udalak indarrean dagoen legedia, oro har, bete egiten du, baina kontratazio arloan lege-hauste batzuk salatzen ditu.

Udalaren finantza-egoeraz datu kezkagarria azpimarratzen da: epe luzerako zorra (1.812 milioi pezeta, 10,8 milioi euro). Kontuen Ganbararen iritziz ez dago garbi Udala zorrak sorturiko beharrei erantzuteko gai izanen ote den. Aipatzekoa da iaz zorra 636 milioitan gehitu zela. Dirutza hori igerilekuaren eta kultur etxearen obra lanetarako erabili zen.

Txostenak Burlatako Udalaren kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk eskaintzen ditu. Udal finantza egoera hobetzeko asmoz eginikoen artean bidegarritasun planarena azpimarra daiteke. Alde horretatik, Kontuen Ganbarak ohiko gastuak eta zorra kontrolatu beharra dagoela azpimarratzen du. Txostenak dioenez, Burlatako Udalak datozen urteotako beharrak eta beraien finantziazio sistema aztertu behar lituzke. Halaber, udal zerga-sistema aztertzeko beharra nabarmentzen da eta zerbitzuen kostuen gaineko azterketak ere premiazkotzat jotzen ditu. Legez beharrezkoak ez diren zerbitzuak martxan jarri aurretik, beraien kostu eta finantziazio sistemak aztertzea ere derrigorrezkoa dela dio txostenak.

Azkenik, aurrekontu kudeaketa hobetzeko gomendioak aipatzen dira: aurrekontua urte hasi aurretik onartzea; barne kontrola hobetzea; kontratazio legedia betetzea; eta udal langileriari buruzko azterketa egitea, lanpostuak gaur egungo beharretara egokitzen diren jakiteko.