Skip to main content

ASOCEX

2002/20 Barañaingo Udala (2001)

Argitalpen data

Deskargatu txosten osoa PDF fitxategian

2002/20 Barañaingo Udala (2001) ()

Nafarroako Kontuen Ganbarak Barañaingo Udalaren fiskalizazio txostena ezagutarazi du. Bertan honako gai hauek aztertzen dira: aurrekontu kitapena, ondare egoera, legezkotasuna eta azken urteotako txostenetan eginiko gomendioen jarraipena. Barañain Nafarroako hirugarren udal handiena da. 22378 biztanle ditu eta Udal langileak 172 dira.

Txostenak emaniko datuen arabera, Barañaingo Udalak 2.197 milioi gastatu zituen iaz. Dirutza horretatik 1.894 milioi Udalaren gastuak dira eta gainerakoa bi erakunde autonomoenak: Lagunak eta Luis Morondo Musika Eskola.

Gastuen ehuneko 65 langileriaren soldatetan eta ohiko ondare eta zerbitzuetan gastatu zen. Inbertsioetan, berriz, ehuneko 27 gastatu zuen.

Dirusarrerei dagokienez, bilduriko 1.858 milioitik 1.550 milioi Udalak berak bildu zituen. Gainerakoa aipaturiko erakunde autonomoek eskuratu zuten. Barañaingo Udalaren dirusarreren ehuneko 51 Nafarroako Gobernuaren transferentziak dira. Zuzeneko zergen bitartez gastuen ehuneko 21 finantzatzen du eta tasa eta prezioei esker beste horrenbeste biltzen du.

Txostenak dioenez, aurrekontu kitapenak ongi islatzen du urteko jarduera ekonomikoa eta baita aurrekontu egoera ere. Egoera balantzeari buruzko iritzia ere positiboa da, Udalaren finantza egoera ongi islatzen baitu. Dena den, azken arlo honetan salbuespena bat dago: ondasun zerrenda. Izan ere, azken hamar urteotan ez da gaurkotu.

Legezkotasunaren gaineko azterketan kontratazioa hobetzeko beharra azpimarratzen da. Bai espedienteen tramitazioan nola esleipen aurrekontuetan eta, oro har, obren tramitazio sisteman legedia zorrotz bete behar dela gogoratzen du Kontuen Ganbararen txostenak.

Barañaingo udalaren finantza egoerari dagokionez, iazko defizita eta epe luzerako zorra aipa daitezke. Defizita 54 milioikoa izan zen eta zorra 416 milioi pezetakoa da. Dena den, diruzaintzako erakin positiboa 900 milioi pezetakoa denez, gaur egungo egoera ez da kezkagarria.

Epe luzera begira, ordea, Barañaingo Udalaren finantza-egoera oso kezkagarria da, orain arteko dirusarrera nagusiak agortzen ari baitira. Kontuan hartzekoa da Udalak etxegintza izan duela dirusarrera nagusia. Hirigintza planak aurreikusiriko proiektuak amaitu dira eta herriak eraikinetarako zuen lur eremua ere agortzear dago. Horregatik, Kontuen Ganbarak kezkagarritzat jotzen du Udalaren etorkizuna.

Hau dena kontuan hartuz, Kontuen Ganbarak azteketa ekonomiko sakona egiteko gomendio eman dio Udalari. Azterketak datozen urteotako beharrak, inbertsio premiazkoenak eta gastu horiei aurre egiteko plana zehaztu beharko lituzke. Halaber, udal zergak eta zerbitzu publikoen prezioak aztertzeko komenigarria litzateke.

Azkenik, udal erakunde autonomoetan barne sistema hobetzeko beharra azpimarratzen da. Kontuen Ganbararen aburuz, Udalaren barneko kontrola erakunde autonomoetara era zabaldu egin behar da.